EZAGUTZEN AL DUZU IBON FERNANDEZEN ALTER EGOA?

EZAGUTZEN AL DUZU IBON FERNANDEZEN ALTER EGOA? Ibon Fernandez Gesalaga (Zarautz, 1988). Arratsaldero 'Gaztea Box' saioa gidatzen duen ahotsak baditu musikarekin lotutako hainbat zaletasun, baina gutxik dakite bere grina frikienetakoa modarekin lotuta dagoela... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ibon-fernandezen-alter-egoa/@@download/image/ALTER EGO_Ibon fernandez gaztezulo 001 v1.jpg
2018/09/11
elkarrizketa

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Argazkia: Karobiphoto

Ibon Fernandez Gesalaga (Zarautz, 1988). Arratsaldero 'Gaztea Box' saioa gidatzen duen ahotsak baditu musikarekin lotutako hainbat zaletasun, baina gutxik dakite bere grina frikienetakoa modarekin lotuta dagoela...
EZAGUTZEN AL DUZU IBON FERNANDEZEN ALTER EGOA?

• Zenbat zapatila pare dituzu?
Ba ez gehiegi... Momentu honetan zortzi-hamar pare izango ditudala esango nuke...
• Kopuru horrekin ‘sneakerhead’ peto-petoa ez zara orduan...
Tira, dena ez da kopuru kontua izaten. Egia esan, nahiko zaletasun garestia da eta ez dut nik nahi ditudan beste zapatila erosteko aukerarik, bestela..
• Zenbat ordaindu duzu armairuan dituzun zapatila garestienengatik?
Ez gehiegi, 150€ inguru.
• Gordetzeko modu berezirik al duzu?
Bai, denak ahalik eta desordenatuenean. Zapatila erabiliak direla nabaritu dadin. Zapatila txuri zikinak ikaragarri gustatzen zaizkit!
• Sneaker zapatila marka ugari daude: Nike, Reebok, Adidas, Asics, New Balance... Zein da zurea?
Nik Reebok asko erosten ditut, baina argi daukat erosiko ditudan hurrengoak Asics markakoak izango direla, hain itsusiak dira...
• Barkatu, itsusiak direla esan al duzu?
Bai, berez itsusiak dira, kolore konbinazio pentsaezinak dituzte... Baina itsusitasun horretan edertasuna ikusten dut nik. Halere, ez pentsa, gero nahiko klasikoa naiz.
• Jakingo al zenuke erreplika bat identifikatzen?
Oso modelo tipikoak badira, bai. Adidas edo Vans faltsu batzuk segituan asmatuko nuke seguru!
• Nahiz eta politena edo garestiena ez izan, zein da zure zapatila pare preziatuena?
Duela hilabete Interneten erosi nituen Reebok urdin eta gorri batzuk. Azkenaldian ia egunero janzten ditut!
• Zeren arabera aukeratzen dituzu egun bakoiztean jantziko dituzunak?
Egunaren edo aldartearen arabera batzuk ala besteak aukeratzen ditut, baina egia da badudala nolabaiteko errituala edo mania: ikaragarri gustatzen zait zapatilaren kolore bereko galtzerdi luzeak janztea. Esaterako, zapatila beltzak badira, ia belaunerainoko galtzerdi beltzak janzten ditut, oinetakoaren luzapen bat balira. Efektu horrek flipatzen nau!
• Eta garbiketa kontuak? Produktu berezirik edo etxeko trukoren bat erabiltzen al duzu?
Zapatila txuri zikinak gustatzen zaizkit, hori garbi daukat! –Barrez–. Esan bezala, erabiliak izan direla igarri daitezela nahiago.
• Sneakerhead mugimenduan mutilak dira nabarmen nagusi... Zergatik uste duzu publiko maskulinoa dela jarraitzaile sutsuena?
Ba nik teoria bat dut horren inguruan. Drake abeslariak, adibidez, zapatila linea propioa du eta kontzertuetarako edo ekimen berezietan zapatila zehatz batzuk aukeratzen ditu beti. Musika edo farandula munduan ere, neskek bere takoidun zapata kuttunak dituztela adierazten dute sarritan. Nire ustez, oraindik ere generotan banatuta dago kontua...
• Inoiz egin al duzu txorakeriaren bat zapatila pare bat lortzeko?
Ez bereziki, baina jakingo banu erosi nahi dudan modelo bereziren bat egun zehatz batean salgai jarriko dutela, ordu batzuk ilara egiteko prest egongo nintzateke.
• Zein da zure ametsetako diseinua?
Zapatilen zolak urdin koloreko argia izatea. Modu horretan, oina altxatzerakoan urdin koloreko argia ikusiko litzake, oso modu sotilean, baina!
• Eta, azkenik, ezinbesteko galdera: noren Alter Egoa ezagutu nahiko zenuke?
Ba gustura ezagutuko nuke Olatz Salvador abeslari donostiarraren alde bitxiena edo frikiena. Musikarekin loturarik ez badu hobe!