Ibilaldiak Bertso Maratoia egingo du Bilboko Abusu ikastolan
Ibilaldia 2022k Bertso Maratoia antolatu du datorren larunbaterako, otsailaren 12rako, Bilboko Abusu Ikastolan, eta berrogeita hamar bat lagun izango dira kantari hamabi orduz. Antolatzaileek adierazi dutenez, "euskalgintzaren ekosisteman etengabeak dira berrikuntza, sorkuntza eta eraldaketa. Bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta zalego eskutik dabiltza ekosistema anitz horren harri horri eragiten, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lagunduta".
"Ekosistema horren printza batzuk" erakutsiko dituzte Abusuko Bertso Maratoian, 09:00etatik 21:00etara bitarte. 42.195 segunduko saioa izango da, eta adin, jatorri eta maila oso ezberdineko 50 lagunek hartuko dute parte. 10-80 urte artekoak arituko dira, bat-batean, bertso jarrietan edo trikitiz lagundutako kopletan. Eguerdi aldera, Xabier Amuriza bertsolariak hartuko du lekukoa, Zu ere bertsolari eta Hiztegi errimatua lanen egileak.
"Gune erdaldunduetan ere ekosistemak bere agerpenak badituela" erakutsiko dute larunbatean Bilbon. Datorren maiatzaren 29an ospatuko da Ibilaldia, eta Abusu Ikastolan egindako hirugarrena izango da, 1994an eta 2001ean ere bertan egin baitzen.

