Iban Lafont: "Tatuajeak sakrilegioa dira"

Iban Lafont: "Tatuajeak sakrilegioa dira" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iban-lafont-quottatuajeak--sakrilegioa-diraquot/@@download/image/iban_lafont_1371036827.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Iban Lafont: "Tatuajeak  sakrilegioa dira"
Komikigintzarekin hasi zuen ibilbidea eta, karikatura landu ostean, erretratua garatu du gehien. 'Buru-bero' erakusketa da bere sormenak azken aldian eman duena: hainbat musikariren erretratuen bilduma.


Komikia, karikatura ala erretratua?

Hirurak batera, erlazionatuta baitaude.

Koloretan ala zuri-beltzean?
Komikiak zuri-beltzean egiten hasi nintzen, baina gerora kolorearekin beste dimentsio bat asmatu nuen.

Zein da gehien maite duzun teknika?
Guztiek irakasten didate zerbait eta horregatik gustatzen zait denetarik probatzea. Baina teknikarik onena teknika mistoa da, artistaren sekretua erakusten baitu.

Zergatik 'Buru Bero'–erakusketaren izena–?
Lagun batek asmatu zuen eta oso izen ona iruditu zitzaidan. Erakusketa osatzen duten erretratu guztiak buruak dira, musikarien buruak. Buru horietatik hainbat abesti eta doinu sortu dira, buru sortzaileak dira, buru beroak. 


Eta zergatik Kurt Kobain, D. Bowie, Amy Winehouse eta Fermin Muguruza?
Musikan mitoak direlako niretzat.

Erretraturako zer nahiago duzu, argazkia ala modeloa?
Argazkia, askoz erosoagoa delako. Baina argazkia ona izatea ezinbestekoa da eta hori ez da hain erreza!

Orain arte izan duzun modelorik kuttunena...

Laura bikotekidea eta Alain semea, noski.

Gustura erretratatuko zenuke...
Ibon Bilbao, Ama Say taldeko kantaria.
 
Baina ez duzu sekula erretratatuko...
Erretratu txukunez ari bazara, Albako dukesa. Hala ere, karikatura zorrotza egiteko aproposa da...

Zuk zeuk, ispilu aurrean jarrita zer ikusten duzu?
Gero eta ile gutxiago daukadala...

Eta nor aukeratuko zenuke zu irudika zaitzan?
Pablo Picasso.

Zein da zure inspirazio iturria?
Bizitza berez inspirazio iturria da edozein artistarentzat. Baina 'Buru-Bero' erakusketan pop-rock musika izan da, bereziki.

Euskal musika talderik gustukoena?
Ama Say, dudarik gabe.

Zure etxeko paretetan ezin da falta...
Oraintxe bertan biluzik daude, mudantza egin berri dugu eta oraindik ez dut koadrorik jarri.
 
Eta hozkailuan?
Esnea, hori bukatzean erosketa egiteko ordua baita.

Amets bat?
Musikaria izatea.

Mania bat?
Tatuajeak. Giza gorputza polita da berez. Tatuatzea sakrilegioa da.

Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Semearen irria ikusteak.
 
Bereziki tristetzen zara...
Teleberria ikusita, berri txarrak baino ez dituzte ematen.

Gustura ezagutuko zenukeen lekua...
Pazko uhartea, munduaren zilborra.
 
Honezkero ezagutzen duzun txokorik ederrena?
Berlin, nire ametsetako hiria.