Iban Illarramendi ilustratzailearen lanak ikus daitezke Donostiako Aiete Kultur Etxean
Iban Illarramendi sortzaileak bere lanak erakutsiko ditu Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan martxoaren 19ra bitarte. Zarauzko ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko honen sorkuntza-unibertsoa naturako, itsasoko eta euskal sustraiekin lotutako elementuek osatzen dute.
Orbanetik eta lerrotik abiatzen da beti, eta gama kromatiko murriztu bat erabiltzea gustatzen zaio. Ilustratzaileak berak azaldu duenez, bere ilustrazioak “geometrikoak eta delikatuak” dira, eta teknika mistoak, analogikoak zein digitalak erabiliz egiten ditu; lettering-ak ere badu tokia bere sormen-lanean.
Illarramendi umetan hasi zen marrazten eta ez dio inoiz utzi. Publizitateko Diseinu Grafikoko ikasketak egin zituen eta Ilustrazio Digitaleko online ikastaroa ere egin zuen University of the Arts Londonen. Etengabe prestatzen aritu da azken urteetan eta horretarako maite dituen ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoen lantegi eta ikastaroetan parte hartu du, tartean Javier Zabala, Isidro Ferrer, Jesus Cisneros, Guridi eta Elena Odriozolarenak. Bakarkako eta taldeko hainbat erakusketatan parte hartu izan du. Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokan FADIPek antolatutako Ilustracion, una literatura visual erakusketarako hautatua izan da. Askotariko euskarriak ilustratu izan ditu: kartelak, skate-oholak, erakusleihoak, diskoak, arropak eta argitalpenetako azalak.
Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak antolaturiko MarraziOak eta Biko-Teka lantegietan ere hartu izan du parte. Hain zuzen ere, Eider Pérezekin batera abiatu zuen proiektuak irabazi zuen album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria Kiratsa albumarekin, Pamiela argitaletxeak argitaratu berri duena. Ilustrazio esperimentaleko tailerrak ere egiten ditu haurrekin.

