Iban Garate: "Zinemaldia erakuslehio ezinhobea da"

Iban Garate: "Zinemaldia erakuslehio ezinhobea da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iban-garate-quotzinemaldia-erakuslehio-ezinhobea-daquot/@@download/image/55p42-1.jpg
2005/09/02
elkarrizketa
Iban Garate aktore ezaguna "Aupa Etxebeste!" filmeko protagonistetako bat da. Hona hemen berarekin izandako solasalditxoa.

Nola sortu zitzaizun "Aupa Etxebeste!"  filmean lan egiteko aukera?
Gidoiak idazten dituztenean, zuzendariek beti aktore batzuen aurpegiak izaten dituzte buruan. Aktore asko dago munduan, baina filma euskaraz izanik, aukeratu zitzaketenen unibertsoa nahikoa murritza zen. Behin batean, Asier Altunak ETB-Miramongo pasillo batean harrapatu ninduen, eta ziplo bota zidan: "Hi, pelikula bat egin behar diagu, eta parte hartuko al duk?". Ez nuen gehiegi pentsatu beharrik izan!

Grabaketa nolako esperientzia izan zen?

Zinearen mundua arrotza zen niretzat. "Aupa Etxebeste!" egin aurretik, behin bakarrik egona nintzen zinema grabaketa batean. Telebistak ez du zinemarekin inongo zerikusirik, baina hala ere, grabaketa hark zerbait berezia zuen: lagunartea. Gehienek elkar ezagutzen zuten, Madrilen egindako ekoizpenetan elkarrekin lanean arituak zirelako. Guztientzako, euskaraz jardutea izan zen esanguratsuena. Lan handia egin dugu: ordu asko, gau eta egun, hotz nahiz bero… 8 aste hara eta hona, euskaraz film bat egiteko, aspaldiko partez.

"
Aupa Etxebeste!" azken 12 urteotan grabatu den euskarazko film luze bakarra da. Harro al zaude?
Sentipen kontrajarriak sortzen dizkit euskal zinemaren egoerak. Batetik, film bat egiteko aukera eduki izana harrotasunez hartu behar dut, eta ez harrokeriaz. Film hau euskaraz egin izana berezia da guztiontzat. Penagarria da, hain denbora luzean, euskarazko pelikula bat bera ere ez egin izana. Euskaldun asko ari da hemendik kanpora lanean: ikusi besterik ez dago "Aupa Etxebeste!" filmean aritutako profesional talde osoa.  

Donostiako zinemaldian estreinatu behar duzue filma. Urduri al zaude?

Noski! Baina beste edozein lekutan estreinatuta sentituko nukeen urduritasun bera da: nagoena baino urduriago, ezin egon! Zinemaldia erakuslehio ezinhobea da edozein filmentzat, eta aukera paregabea da. Etxean bertan Zinemaldia edukita, bertako filmak estreinatzeko "leku naturala" izan behar luke: urtero euskal filmen bat estreinatzea ohitura bihurtuko balitz, ez litzateke seinale txarra izango,

Orain zein proiektutan zabiltza?

Aurten lan gutxi egin dut, ikasketei eman diedalako lehentasuna. Udan "Martin" ETBko telesaila grabatzen aritu naiz, eta "Zeru Horiek" tv-moviean ere parte hartu dut. Irailetik aurrera, aldiz, gauza bakarra dakit: Nafarroako Unibertsitatean Ikusentzunezko Komunikazioa ikasten jarraituko dudala. Hortik aurrera, ez dakit zer sortuko den, eta ikusi beharko da.