Iban Garate: “Beti begiratzen diot ispiluari atera aurretik"

Iban Garate: “Beti begiratzen diot ispiluari atera aurretik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/iban-garate-beti-begiratzen-diot-ispiluari-atera-aurretikquot/@@download/image/47p10-1.jpg
2004/12/03
elkarrizketa
Ainhoa Irazu
Iban Garate: “Beti begiratzen diot ispiluari atera aurretik"
Iban Garate aktore azkoitiarrak 22 urte ditu. "Goenkale" saioan hasi zen telebistan, eta aktoregintza afizio eta ofizio du. "Betizu" telesaioan ere aurkezle izan da. "Aupa Etxebeste" filmean ikusiko dugu hilabete batzuk barru. 

Casting bati esker zara aktore. Aukeratua izatea espero zenuen?
Azkoitiko ikastolako antzerki taldean nenbilela, taldekide batzuek iragarki bat ikusi zuten, eta tira, argazkiak eta curriculumak eramatera joan ginen. Ez dakit nola bururatu zitzaidan hara joan behar nuela, ez bainintzen hain ausarta: leku ezezagun batera joan, auskalo zer egitera…! Hala ere, gauzak horrela etorri ziren.

Hamabost urte besterik ez zenituen telebistan hasi zinenean. Telebistak zer eman eta zer kendu dizu?

Gaur egun, edonor azaltzen da telebistan, diruaren eta famaren bila. Ni ez naiz famazalea, eta telebistak ezagun egin nau, horrek esan nahi duenarekin. Hau da, ni ez naiz koadrilarekin festa handietara joaten: Nafarroa Oinez-era, Kilometroetara… Halako festetan, jendetza izaten da, eta asko ni agurtzera etortzen dira; koadrilako lagunen parranda giroa hausten dut, beraz. Bestalde, telebistak emandako gauzarik onena lagunak dira. Horrez gain, asko ikasi dut.

Aktorea zara, baina ekonomia eta enpresa mundua gustuko dituzu; enpresa zientziak ikasi  zenituen bi urtez Bilbon…

Ekonomia beti gustatu izan zait. Eta telebistan hiru urte neramatzala, enpresa ikasketak egitea erabaki nuen. Telebista arloa oso ezegonkorra da. Nik zorte handia izan dut, zazpi urtetan jarraian jardun baitut bertan. Hala ere, bolada noizbait bukatuko delakoan, ikasten hasi nintzen.

Matematikan azkarra al zinen txikitan?

Ondo konpontzen nintzen. Aitak ariketa luzeak jartzen zizkidan; berak kalkulagailuaz ateratzen zituen eta nik, buruz. Dena dela, ikasgai guztiekin konpontzen nintzen ondo.

Orain ikus-entzunezkoak ikasten ari zara Iruñean. Bulego batean egotea telebistan aritzea baino aspergarriagoa da, ezta?

Bulego batean egoteak ez du zerikusirik telebistarekin. Telebista lana dinamikoagoa da, eta asko betetzen nau. Hala ere, badakit noizbait kameraren bestaldean lan egin beharko dudala. Aktore edo aurkezle lanetan luze aritzea zaila da eta, gainera, irudia erre dezakezu. Beraz, produkzioan edo halakoetan ikusten dut nire burua urte batzuk barru. Horretarako prestatzen ari naiz.

Gaur egun, unibertsitatean lehiakortasun handia eta elkartasun gutxi dagoela diote. Egia da?

Lehiakortasuna beti izango da, bai ikastolan, bai unibertsitatean. Izan ere, zenbat eta nota hobeak izan, orduan eta errazago ibiliko zara etorkizunean.

Piper egiten duzu?

Egunero joaten naiz klaseetara, baina batzuetan bidea okertu egiten da.

Osteguna parranda eguna izaten da unibertsitateko ikasleentzat. Zuretzat ere bai?

Ez naiz batere parrandazalea. Gainera, ikasleen egoitza batean bizi naiz, eta ordutegiak zorrotz samarrak dira. Hala ere, horrek ez nau arduratzen. Asteburuan Azkoitira bueltatzen naiz, eta herrian badut parranda egiteko aukera.

Oso lotia omen zara. Jite biziz esnatzen zara?

Hori egunaren araberakoa izaten da.

Eta zure bihotzeko azukre-kozkorraren ondoan esnatuz gero…

Elkarrekin lo egin dugun seinale. Beraz, primeran!

Irekia, argia, alaia, sentikorra… Horrelaxe ikusten omen zaituzte etxean. Itsu  daude?

Ez dut uste. Batez ere, alaia naiz. Zer moduz nagoen galdetzen didatenean, "ondo" izaten da beti nire erantzuna.

Akatsen bat izango duzu, ordea…

Bat baino gehiago. Zer esan dizute?

Etxean ez duzula asko laguntzen…

Harrikoa egiten eta sukaldean ez naiz oso iaioa…

Eta komuna garbitzen? Sekula garbitu duzu?

Horretan ere ez naiz oso iaioa! Ez dut sekula garbitu! Horrelako gauza asko esan dituzte niri buruz; ez dudala ohea inoiz egiten, esaterako. Eta nik ohea beti txukun-txukun eginda izaten dut.

Ohea badaezbada ere txukun… Baina gela beti hankaz gora!

Ikasleen gelak hala egoten dira, eta are gehiago bideoez eta paperez beteta egonez gero.

Beraz, jauregia behar duzu.

Gutxienez! 80 metro karratutan ez naiz sartzen…

Zure irudia asko zaintzen duzu, ordea. Kalera irten aurretik ispiluari begiratua ematen dioten horietakoa zara?

Bai, atera aurretik beti begiratzen diot ispiluari, baina ez dut ardura berezirik. Krema ematen dut, txikitatik hori egiteko esan didatelako, baina bizarrarekin ere ibiltzen naiz. Bestalde, amarekin joaten naiz arropa erostera.

Izan ere, oraingo mutilak gehiago zaintzen omen zarete.

Bai, egia da, eta nik hori gure herrian bertan ezagutu dut. Garai batean, txandala jantzita ibiltzeko ohitura genuen, baina orain, 18 urtetik gorako mutilak askoz gehiago prestatzen dira. Eta ondo iruditzen zait, txandala gutxiesten ez bada, noski.

Kalean loreak botatzen dizkizute?

Ez, normalean ez.

Futbolzale sutsua zara, Real Madrilen jarraitzaile omen zara…

Bete-betean asmatu duzue! Horregatik, aurten Realaren atzetik geratzea espero dut… Baita zera ere! Realzale, athleticzale eta osasunazalea naiz. Alaves urrunagotik jarraitzen dut; ez dakit zergatik. Denboraldi ona opa nahi diet guztiei. Baita Eibar taldeari ere.

Lana eta ikasketen eraginez, Euskal Herriko hiru hiribuuru ondo samar ezagutu dituzu: Iruñea, Bilbo eta Donostia. Non biziko zinateke gusturago eta zergatik?

Bilbo "hiriegia" da niretzat. Aldiz, Donostia hiria da, baina niretzat, nahikoa "herri". Iruñea ez dut gehiegi ezagutzen, unibertsitatea salbu. Aukeran, Donostia nahiago. Eta atzerrian, Londres; asko gustatzen zait.

Euskal Herriko aktore askok Madril edo Paris dituzte buruan.

Ez, nik ez dut hori buruan, Madril oihana delako. Eta hara begira ibiltzea alferrik da; momentuz, behintzat.

"
Aupa Etxebeste" izan da zure lehen esperientzia zineman. Zer moduz ikusi duzu zure burua?
Leku berri batean sartzen zaren guztietan bezala, zertxobait galduta ibili nintzen. Zineman, teknikarekiko menpekotasuna duzu, den-dena oso neurtuta dago. Telebista, berriz, askeagoa da. Hori ikastea ez da erraza. Hala ere, zinemak telebistak baino xarma handiagoa du.

Zer eskatuko diozu Olentzerori?

Ez dakit. Neu naiz gure etxeko Olentzero. Beraz, nire buruari zer oparitu pentsatzen hasi beharko dut.