Ianire Elorriaga: "Txapelketak irabazi arren, ezin ditugu kirolarientzako diru-laguntzak eskatu"

Ianire Elorriaga: "Txapelketak irabazi arren, ezin ditugu kirolarientzako diru-laguntzak eskatu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ianire-elorriaga-quottxapelketak-irabazi-arren-ezin-ditugu-kirolarientzako-dirulaguntzak-eskatuquot/@@download/image/iani_arg5561_1423042705.jpg
2015/02/10
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37. Argazkiak: Galder Izagirre
Euskal Herriak eman duen skater profesional bakanetakoa da Ianire Elorriaga (Bakio, 1983). Basilean jokatzen zen Europako skate txapelketa sei aldiz irabazi du.


Normalean, Mungiako skateparkean patinatzen du, Malen Skate Klubeko lagunekin. Baina guk lehenengo Ollie-a egin zuen lekuan batu nahi izan dugu berarekin, Bakioko skateparkean. Instalazioak oso egoera txarrean daude, eta horri sekulako haize ufadak gehitu zaizkio, baina esaten den bezala, Ianire ‘profesionala’ da, eta trabak traba, Galderrek argazkiak ateratzeko proposatutako guztia egitera animatu da. Esan bakarrik ez, izan ere, skater profesionala izan da Ianire urte luzez.  

Hamabost urterekin hasi zinen skatean, eta hamazazpi-hemezortzirekin konpetitzen?
Hamabost urterekin skateparkean ibiltzen eta trukoak egiten hasi nintzen, baina umetatik erabili izan dut skatea garraiobide bezala, beraz, betidanik izan dut taula bat hanka azpian. Hemezortzi urterekin Frantzian, Seignossen, egin zen txapelketa batera joan nintzen, eta han Roxy etxea nirekin fijatu zen, eta niregatik apustu egin zuten. Ondorioz, euren laguntzarekin bidaiatzen eta txapelketak jokatzen hasi nintzen. Iaz jakinarazi zuten Roxy eta Quicksilver markek skatea babesteari uzten zietela, eta beraz, nesken zein mutilen taldeak desegin dituzte. Hamabi urte eman ditut eurekin.

Hemezortzi urterekin, zer sentitu zenuen marka ezagun batek gustuko duzuna egiten jarraitu eta skater profesional izateko aukera eman zizunean?
Skatea egunero egiten dudan zerbait da, beste ezeren gainetik, dibertitzeko egiten dudana. Beraz, harrigarria izan zen dibertitzeko modu bat baino gehiago izan daitekeela ohartzea. Oso pozik hartu nuen momentu hura, eta etorkizunera gehiegi begiratu gabe, momentuaz disfrutatzea nuen helburu nagusia.

Gurasoen aldetik-edo zalantzarik egon zen?
Ez, hasieratik babestu zuten nire erabakia. Nik beti jakin dut denbora tarte baterako izango zela; berrogeita hamar urterekin inor ez da patinatzetik bizi. Beraz, buruan gauzak argi izan ditut, eta etxean jaso dudan mezua ere horixe izan da, denbora tarte batez bizimodua ateratzeko modua izan zitekeela, baina ez betirako. Horregatik, ikasten jarraitu nuen, gainontzeko lagun adinkideek bezala, eta Heziketa Fisikoko unibertsitate ikasketak burutu nituen.

Garai hartan lagunek baino gehiago bidaiatzeko aukera izan zenuen, ordea.
Bai, hori hala da. Aukera izan dut ordaindu beharrik gabe bidaiatzeko, eta hain gazte hasita, oso polita izan da. Hori bai, txapelketetara ni bakarrik joaten nintzen, agian kasu batzutan beste skater batekin, baina sarritan bakar-bakarrik. Europan zehar bakarrik ibiltzen ikasi behar izan nuen. Australiara, adibidez, birritan joan nintzen oso gazte nintzela, eta esperientzia horietatik asko ikasi dut, hazteko prozesuan asko lagundu dit.

Euskal Herriak eman duen skater onenetakoa zara, eta nesketan Europa mailan erreferentea.
Hasi nintzenean egon ziren nire mailan ibili ziren neska batzuk. Haietako batekin bidaiaren bat edo beste ere egin nuen, baina gero futbolean hasi zen eta skatea utzi egin zuen. Euskal Herrian egon dira neska skaterrak, kontua da inor ez dela ni beste sartu mundu honetan. Eta ulergarria izan daiteke, izan ere, skatea kirol berezia da, kirol gehienetan ez bezala ez baitago entrenatzaile edo ordutegirik, eta ondorioz, guztiz autodidaktak gara. Jende asko hasten da skatea praktikatzen, baina maila ona lortzeko oso konstantea izan behar zara, eta askok jauzia eman aurretik uzten dute.

Oker ez banago, federaziorik ere ez dago.
Ez, ez dago antolatutako egitura ofizialik. Ondorioz, adibidez, txapelketak irabazi arren ezin ditugu Eusko Jaurlaritzak kirolarientzako ematen dituen diru-laguntzak eskatu, ez dugulako lizentzia federatibo batek babestuta konpetitzen.

Ez dago federaziorik, eta ondorioz, txapelketak antolatzen dituztenak, gehienetan behintzat, markak dira.
Skatean egiten den guztia marken bidez egiten da, bidaiak zein txapelketak. Egia da, ordea, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak oraintsu Eskola Kirola programan sartu duela skatea. Beraz, eskoletan praktikatzeko aukera dago orain. Badirudi kirol hau kontutan hartzen hasi direla.

Bilbo inguruan badago nahiko mugimendu skatearen inguruan, ezta?
Bai, hainbat hiri eta herritan skate eskolak sortu dituzte, eta pista estaliak egiten ere hasi gara, Berangon eta Bilbon badaude bana, adibidez. Hezkuntza sareko eskoletatik at, skate eskolen bitartez ere ume askok dute probatzeko aukera.

Orain bai. Zu hasi zinenean halakorik izan balitz...
Noizbehinka pentsatzen dut horretan, baina beno, beste garai bat zen. Hala ere, gaur egun dena ez da hobea, adibidez, krisialdiaren eraginez ezinezkoa da nik bizi izan dudan guztia gaur egun bizitzea, markek ez baitute lehen bezainbeste inbertitzen.

Babesleek asko itxi dute iturria azken urteetan?
Bai, batez ere dirutan ematen duten laguntzari dagokionez. Niri oraindik materiala ematen didate, skateak, adibidez, Jart etxeak. Arropa, aldiz, jada ez, Roxy baitzen ematen zidana. Baina batez ere soldatetan eta bidaietarako diruan moztu dute.

Zuk soldata bat izan duzu; esan daiteke skater profesionala izan zarela.
Bai, hamar bat urtetan, bidaiez eta materialaz gain, hilabetero soldata bat izan dut. Eta horretaz gain, txapelketetan irabaziz gero, edo bigarren edo hirugarren geratuz gero, lortutako diru-sariak ere niretzako izan dira.

Esan duzu dibertitzen zarelako patinatzen duzula, baina txapelketetan lehiatu egin behar da. Lehiakortasunari dagokionez, nolakoa zara?
Oso lehiakorra naiz bizitzako ia alderdi guztietan. Egiten ditudan beste kiroletan ere oso lehiakorra naiz. Skatea da, agian, besteekin lehiatzeko grina gutxien pizten didan kirola, funtsean norbere buruarekin lehiatzen baita skaterra, norbera hobetzea da kontua. Zuzenean inoren aurka aritzen ez zarenez, futbolean ez bezala, adibidez, egindakoarekin gustura geratzea nahikoa da. Zu baino hobea den batek irabazten dizunean, ezin duzu ezer egin; agian, erortzen bada irabazteko aukera izan dezakezu, baina besterik ez. Nire ustez, gai zaren eta pentsatuta duzun hori guztia ondo egitea da helburua; horrek betetzen du skaterra.

Txapelketetara zoazenean, beraz, ondo pentsatuta izaten duzu zer egin?
Lehiaketan normalean minutu bat izaten duzu zure erronda egiteko, eta epaileek egindako trukoak baloratzen dituzte. Skater batzuek inprobisatu egiten dute, beste batzuek, aldiz, egin beharreko trukoak ondo pentsatuta eramaten dituzte. Nik, normalean, ondo pentsatuta eta entrenatuta eramaten dut egingo dudana. Badakit konpetitzen, eta ahalik eta ondoen egitera joaten naiz.

Epaileen puntuazioa beti da subjkektiboa. Inoiz pasa zaizu epaileen erabakiarekin konforme ez egotea?
Bai, noski, skatean hori eguneroko kontua da, maila guztietan gainera, herriko zein munduko txapelketetan. Puntuazioak subjetiboak dira, izan ere, epaile batek estiloari eman dakioke inportantzia, eta beste batek teknikari. Beraz, teknikoki bikaina den truko batek baino puntuazio hobea izan dezake oso estetikoa izan den beste batek. Eztabaida beti da posible.

Eta epaileek puntuazioak eman ostean skaterren artean pikatu edo haserretzen zarete?
Haserretu ez, baina komentatzen da, irabazi duenak agian ez zuela merezi, edo finalera igaro ez den batek finalean egotea merezi zuela. Baina hori kirol guztietan gertatzen da, puntuazio sistema objektiboagoa dutenetan ere bai. Begira esku pilotan nolako eztabaidak izaten dituzten pilota aukeraketetan: batek ez dituela gustukoak, bestearentzako hobeak direla... Eta futbolean epaileak beti kritikatzen dituzte!

Ez dago Europako txapelketa ofizialik, baina hutsune hori bete duen Basileako txapelketa sei aldiz irabazi duzu.
Bai, erreferentea Basileakoa izan da, eta hori hartu izan da Europako txapelketa bezala. 2003, 2004, 2006, 2007, 2008 eta 2010eko txapelketak irabazi nituen. Txapelketa hori Etnies etxeak antolatzen zuen, nire babeslea da, eta txapelketa kuttuna dut.

Skaterrek esaten duzue zuen artean adiskidetasuna eta solidaritatea direla nagusi.
Bai, nik uste dut horietatik asko duela skateak. Patinatzen duzunean lagun talde bat egiten duzu, eta eurekin ikasten duzu, batak besteari irakasten dizkio gauzak. Beste herri batzuetara joaten zara eurekin patinatzera eta herri horietan ere lagunak egiten dituzu. Asko mugitzen gara eta komunitate bat sortzen dugu.

Esango nuke gizarteak oro har ez duela skatearen alde hori ikusten.
Skateak beti izan du kutsu negatiboa, baina uste dut apurka ikuspegi hori aldatzen doala. Irudipena dut gaizki ikusiak izan garela kalean ibiltzen garelako, baina noski, pista egokirik ez badugu, ez dugu kalean ibili beste aukerarik; jendea ez da horretaz ohartzen. Bestalde, argazkiak egiteko beti da askoz politagoa kalea, eta beraz, kalean ibiltzen jarraituko dugu. Era berean, jendea behingoz  konturatu behar da skatea ez dela umeen kontua. AEBetan skaterrak izarrak dira, hemengo futbolariak bezala. Azken finean, kultura arazo bat da: han skate kultura gizartearen parte da eta hemen ez.

Argazkiak aipatu dituzu. Azken urteetan asko hazi da skaterren artean argazki eta bideoak egiteko ohitura, ziurrenik Internetek sustatuta.
Orain dugun teknologiarekin erraza da lan onak egitea, eta gazte askok grabatzen dituzte euren bideoak eta Interneten eskegi. Eta asko neskak dira. Hainbat herrialdetan nesken taldeak antolatzen hasi dira, bidaiak egiten dituzte eta argazkiak eta bideoak elkarrekin egiteko ere elkartzen dira. Internetek asko lagundu du horretan.

Gero eta neska gehiago ari zarete skatean?
Bai. AEBetan, adibidez, asko handitu da skatean dabiltzan nesken kopurua, eta noski, baita maila ere. Australian, Ingalaterran edota Frantzian ere nesken taldeak sortu dituzte eta asko mugitzen dira, baita Txilen edota Argentinan ere, Hego Amerika osoan egia esan. Espainiar estatuan ere badago talde bat, Asiplanchaba izenekoa. Nik eurekin bidaiatu dut eta elkarrekin bideoak egin ditugu. Horrelako zerbait duela hamabost urte izatea ametsa zen, baina ezinezkoa. Nik beti patinatu dut mutilekin, eta hemengo txapelketa askotan neska bakarra ere izan naiz. Eta Europan txapelketetan 30 neskak parte hartzen zutela ikusterakoan harritu egiten nintzen. Zorionez, orain hemen ere neska gehiago gabiltza.

Skatean aditua ez denak pentsa lezake beti truko berak egiten dituzuela.
Baliteke, baina pentsa zenbat gauza ezberdin egin daitezkeen skate batekin, are gehiago, truko asko oraindik asmatu gabe daude! Eta gainera, hainbat modalitate daude: U handia, pool edo igerilekua, kaleko elementuak (barandak-eta) baliatzeari street deitzen zaio... Hala ere, Euskal Herrian ditugun pista guztiak oso antzekoak dira: bainera txiki bat eta U txiki edo handi bat izaten dituzte. Ondorioz, hemengo patinatzaileak nahiko ranperoak gara.

Trukoak ateratzeko saiakera asko egin behar dira?
Hor ikusten da zeure buruarekin lehiakorra zaren edo ez. Sarritan gertatzen da truko bat egin nahi duzula, baina dena-delakoagatik egun horretan ezinezkoa zaizula. Hala ere, hurrengo egunean berriz saiatuko zara, eta hurrengoan, azkenean lortu arte.

Lehen saiakeran trukoren bat ateratzea posible da?
Ez dago trukorik lehen saiakeran lortu daitekeenik. Ollie-a adibidez saltorik sinpleena da, eta hori lortzeko denbora asko behar da, umetan hasten bazara hilabeteak edo urtea ere behar izaten duzu. Ordu asko sartu behar dira, eta horretarako burugogorra eta konstantea izan behar zara.

Euskal Herrian herri askotan daude duela urte batzuk egindako skateparkak. Zu Bakioko skateparkean hasi zinen, baina orain ez dago baldintzarik onenetan.
Duela urte batzuk boom bat egon zen, eta Udal askok egin zituzten skateparkak, guztiek ia berdinak gainera. Kontua da zaindu egin behar direla. Bakiokoan inoiz ez da mantentze lanik egin, eta gaur egun ezin daiteke ganoraz patinatu. Hamar urte edo gehiago dira bertan patinatzen ez dudala. Mungian ere hasierakoa dago, 25 urte egin ditu, baina nahiko ondo kontserbatzen da elkarte bat daukagulako, Malen Skate Kluba, eta Udalarekin harremanetan egonda aldika konpondu egiten dugulako (skaterrok konpontzen dugu, materialaren dirua ere guk ordainduta). Orain kendu egin nahi dute eta berria egiteko aukerak aztertzen ari gara. Eta argiarekin ere baditugu arazoak, ganoraz argiztatuta ez badaude gerizak egiten baitira eta arriskutsua izan daiteke. Kirol minoritarioa izatearen ajeak. Aldiz, futbol zelaiak izkina guztietatik hamaika fokurekin argiztatuta daude...

Zure betiko koadrilan ez dago skaterrik.
Ez, guztiz ezberdinak gara, eta hori ondo dago. Bizitzan ezin zara gauza bakarrean lerrokatu. Skateko lagunen koadrila daukat, alde batetik, eta nire betiko koadrila, bestetik. Azken horretako batzuei probarazi diet skatea, baina ez dut inor engantxatzerik lortu.

Zu, oro har, oso kirolaria zara.
Bai. Surfeatzea gustuko dut, eguraldi onarekin eta olatu ez oso handietan, kar, kar, kar; areto futbolean urte batzuk daramatzat Bakioko talde batean jolasten; mendira bizikletarekin joatea ere oso gustuko dut; frontenisa ere bai... Kirola orokorrean dut gustuko, eta gero eta kirol gehiago praktikatzen ditut, orain skateak ez didalako hainbeste baldintzatzen.

Lanbidez, orain, Heziketa Fisikoko irakaslea zara.
Gustuko dudana ikasi dut, eta orain horretan nabil lanean. Skatea ere sartzen dut klaseetan, ahal denean, eta ikasleek gustuko dute.

Ianireren kuttunak


MUSIKA TALDE BAT: Berri Txarrak.
PATINATZEKO MUSIKARIK ONENA: Black Sabbath, Iron Maiden, The Cure... Baina ez dut inoiz musika kaskoekin patinatzen.
LIBURU BAT: Weg uit het verleden (El pasado quedó atrás) (Anke de Vries, 1982).
FILM BAT: American History X (Tony Kaye, 1998).
SKATER BAT: Xabier Elorriaga.
LEKU BAT: Bakio.
KOLOREA: Gorria.
MIRESTEN DUZU... ama.
AMETS BAT: Son Gokuren indaba miragarriak eskuratzea.
ZORIONTSU ZARA... eguzkia ateratzen den egun guztietan.