I. Reziklontzi lehiaketa abian da

I. Reziklontzi lehiaketa abian da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/i-reziklontzi-lehiaketa-abian-da/@@download/image/201011295675reziklontzi.jpg
2012/12/13
berria
Uribe Butroeko Mankomunitateak lehenengo aldiz antolatu du edukiontziak margotzeko txapelketa hau eta, guztira, zazpi sari banatuko dituzte: 500 euroko zazpi akzesit, eta 2.000 euroko saria zazpi horien artean edukiontzi onenarentzat.

Uribe Butroeko Mankomunitateak adierazi duenez, Reziklontzik helburu bikoitza du: hondakinen banaketaz eta birziklapenaz ohartaraztea batetik, eta hiri-artea herritarrengana hurbiltzea bestetik.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik da otsailaren 4ra arte. Epaimahaia Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe eta Meñakako alkateek, eta Zaramari_hiri eta Udalconsulting enpresetako ordezkari banak osatuko dute. Proposamen horietatik zazpi onenak aukeratuko dituzte ondoren, otsailaren 24tik martxoaren 4ra bitarte, aukeratutako zazpi artistek benetako edukiontzietan margotu ditzaten proposamenak antolakuntzak finkatutako leku eta orduetan.

Guzti-guztiek 500 euroko diru laguntza jasoko dute oinarrizko gastuei aurre egiteko eta, horretaz gain, lan artistiko onenak 2.000 euroko saria jasoko du.

Behin lehiaketa amaituta, margotutako edukiontziak Mankomunitateko zazpi herrietan zehar erakutsiko dira martxoaren 15etik maiatzaren 2ra bitarte.

Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarriak xehe-xehe, honako helbidean dituzue:
http://reziklontzi.blogspot.com/