I. Ellakuriaga: "Aurrera begira Durangoko Azokarekin identifikatuko den marka bihurtuko dugu DA!"

I. Ellakuriaga: "Aurrera begira Durangoko Azokarekin identifikatuko den marka bihurtuko dugu DA!" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/i-ellakuriaga-aurrera-begira-durangoko-azokarekin-identifikatuko-den-marka-bihurtuko-dugu-daquot/@@download/image/img_0255_1449059198.jpg
2015/12/02
elkarrizketa
Saioa Baleztena (@SaioB)

Datorren ortziralean, abenduak 4, zabalduko dituzte Durangoko Azokaren ateak. GAZTEZULO aldizkaria, urtero legez, han izango da –Goienkale, 65– eta webgunearen bitartez ere jarraipena egingo dugu. Elkarrizketa sorta estreinatzeko Durangoko Azokaren antolatzaileengana jo dugu, zehazki, Gerediaga Elkarteko Izaskun Ellakuriaga elkarrizketatzera. 


Ordu gutti falta dira Durangoko Azokaren 50. edizioaren ateak zabaltzeko. Azkar erraten da. Nola laburtuko zenuke azokaren bilaakera?

Gora-beheratsua, edozein elkarte zein erakunderen ibilbidea horrelakoa izaten baita. Arantza gabeko larrosarik ez dagoen bezala. Ni, gaztea naiz oraindik eta ez dut ibilbide guztia azalean bizitu, baina entzunda dakizkit istorio asko. Azken bi hamarkadetan bai jarraitu dut gertutik, eta barne antolaketari dagokionez aldaketa asko izan da. 

Zein izan da erronkarik handiena?

Garai berrietara, egokitzea tokatu zaigu: teknologia berriak, komunikaziorako bide berriak, hartu-eman publikoen indarra, legeek eta araudiek eskatzen dituzten paper eta kontu burokratiko guztiak… Tira, arlo askotan egokitu behar izan dugu, eta horretan gabiltza. Batzuetan asmatuz, beste batzuetan ez, ahalik eta txukunen gauzak egiten saiatzen gara. Baina saiatu ezean ez dago aurrera egiterik, eta ez genituzke 50 urte beteko.

Zein alde dago, zure ustez, lehen aldiz antolatu zen azokaren eta oraingoaren artean?

Itxuran, antolatzeko eran esango nuke dagoela aldaketarik handiena. Ze funtsean lehen eta orain, garai bakoitzeko gabeziei aurre eginez, helburua bera dugu: euskal kulturari ikusgarritasuna ematea.

50 urteak urriaren 30ean bete zituen Azokak, baina ez da bide erreza izan. Krisiak gogor jo dio eta iaz egoera larrian zinetela azaleratu zenuten. Zein da oaringo egoera?

Iaz hobetu zen, gure "larrialdi" deiari erantzun zioten batzuek. Aurten erantzun berdina izan dugu eta 50. urteurrenera begira baita hobetu ere. Eta ez nabil bakarrik herri erakundeei buruz. Babesle pribatuek ere apostua egiten dute Durangoko Azokaren alde. Hori ere azpimarratzekoa begitantzen zait. 

Zein izan da Azoka 50 urtez, eta krisiaren gogortasunari aurre eginez bizirauteko gakoa? 

Gako bakarra ez da sekula egoten. Faktore askok egiten dute bat: gure larrialdi deia, azokak euskal kulturari ematen dion prestigio sozialaz konturatzea, azokaren estrategikotasunaz ohartzea, herri baten ekonomian zer eragiten duen aintzat hartzea, 50. urteurren borobilaren erakargarritasunak…

Edizio berriaren harira liburu bat sortu duzue Gerediaga Elkartean. Zein izan da helburu nagusia?

Azokaren 50 urteetako ibilbidea batzea nagusiki eta hori ezagutzera ematea. Baina hori, itxura aldetik ondo zaindutako  liburu batekin egin nahi izan dugu. Argi geneukan irakurterreza eta dibulgatiboa izan behar zuela. Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu bat biltzen duen lana da; euskal kultura eta Azoka bera barrutik ezagutzen eta ulertzen lagunduko duen liburua, besteak beste.

Jesus Mari Arruabarrena, Joseba Sarrionandia eta Txelu Angoitiaren eskutik dator. Nola suertatu zen ideia?

Mahai baten bueltan jarri eta ideiak botata.  Ideia batek beste bat dakar eta harek bestea eta guztia harilkatuz joan da. Hiru unibertso ezberdin batzen dira liburuan. Lehenengo zatian, saiakera estiloan, Joseba Sarrionandiak hurbilketa bat egiten du Mundutik Azokara deitu duguna. Azken bost hamarkadetako gertakarien irakurketa pertsonala egiten du. Bigarren unibertsoa, Jesus Mari Arruabarrenaren eskutik dator. Azokan zeresana izan duten pertsonen bitartez egin du kontakizuna. Eta hirugarren unibertsoa, irudizkoa da. Txeluk 15 urte daramatza Azokako argazkilari izaten eta badu begi berezia besteok ikusten ez dugun azoka unibertsoa jasotzeko. Luxu bat izan da guretzat hirurak ere prest agertzea lan honetarako. 

Irakurri ez duenarentzat, aurrerapenik egiterik bai?

Modu ezberdinetara disfrutatu daiteke liburu hau: Sarrionandiak proposatzen duen testua behin eta berriz irakurri daitekeen horietakoa da. Mamitsua da, benetan.  "Aiba!" sorpresa keinua egingo dute batzuek Gerediagakoek Azoka antolatzerakoan pasatutakoak ezagutzean. Eta akaso baten batek sorpresa handiagoa hartu dezake bere burua Txeluren argazkietako baten ikustean.

Nolakoa izan da 50. edizio hau antolatzeko jarraitu duzuen lan dnamika?

Gogorra, arina, zoroa eta nekeza. Ordu luzeak egin ditugu batzuek ordenagailu aurrean. Baina, aldi berean, egiten dugun esfortzu horrek erantzun positiboa badauka merezi duela esaten diogu geure buruari, nahiz eta ez dizudan esango pasatutakoa ahazten denik...

Zein dira edizio honen berrikuntzarik garrantzitsuenak?

Berrikuntza nagusia da DA! Marka berria. Hainbatek ulertu dute aurtengo leloa dela. Baina ez, DA! Aurrera begira Durangoko Azokarekin identifikatuko den marka bihurtuko dugu.

Amaitzeko, zer erranen zenieke GAZTEZULOko irakurleei azokaren ateak zabaltzear dauden une honetan?

Durangon plana sekulakoa izango dutela. Giroa soberan dago eta jendea prest lagun berriak egiteko. Ausartu daitezela orain arte euren "rolloa" izan ez den zer edo zer egitera. Programa eskuetan, probatu dezatela zeozer berria. Azkenean, ordu erdiko saioak izaten dira gehienak. Beraz, zergaitik ez egin zerbait diferentea?