HURRENGO FUNTZIOA

HURRENGO FUNTZIOA https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hurrengo-funtzioa/@@download/image/ILUSTRAZIOA.jpg
2017/05/10
kritika

Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi

Ilustrazioa: Alberto Padierna

HURRENGO FUNTZIOA

Zure zain daude. Lasai egon, egoera kontrolatzeko gai zara. Ideia nagusiak errepasatu, lepoa luzatu, hartu arnasa eta irten taula gainera. Eta maskara? Ez ahaztu gero!

Animalia sozialak garela diote: txakurra, tximinoa, txerria... baina batez ere kamaleoia. Hortaz, ondo dakigu gure publikoak eskatzen duena ematen. Egunero funtzio berri bat; geure buruari eta egokitutako (edo aukeratutako) testuinguruari aurre egiteko teknika berriak praktikatuz igarotzen dira emanaldiak, bata bestearen atzetik. Dagoeneko, ondo baino hobeto ikasi dugu teknika maneiatzen, berdin dio noiz, non edo norekin; izan ala iruditu, identitatea versus marka. Marketin kontua baino ez da.

Maite zaituzte, onartzen zaituzte. Ez gaizki sentitu, gure ni sozialari esker sekula imajinatuko ez zenituzkeen egoerak bizitzeko aukera izango duzu eta.

Greziarrek antzerkia maite zuten eta bizitzaren antzezlanari aurre egiteko pertsonak asmatu zituzten, maskarak. Hauen atzean ehunka rol ezberdin bizi ditzakegu eta gure berezko izaera sekula ausartuko ez litzatekeen gauzak esateko adorea topatuko dugu. Baina kontuz ibili, pertsonaia gose izaten da uneoro eta atsegin handiz irentsi zaitzake gutxien espero duzun momentuan.

Izan bere lagun mina. Zaindu, elikatu eta lagun iezaiozu bere lekuan kokatzen kontrola galtzen hasi dela sumatzen duzunean. Denbora eman berarekin eta aldendu tarte batez bere presentziak agobiatzen zaituenean. Jaramon egin zerbait esaten dizunean, entzuten ari zarenak mina eman arren, min hori baita aurrera egiten lagunduko dizuna.



Abestia: KATAMALO ‘Betazalak erauZtean’