Huntza taldeak etenaldi mugagabea iragarri du

Huntza taldeak etenaldi mugagabea iragarri du 2024ko otsailaren 3an egingo dute azken kontzertua, Bilboko Miribillan, eta sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/huntza-taldeak-etenaldi-mugagabea-iragarri-du/@@download/image/huntza agur.png
2023/02/23
2024ko otsailaren 3an egingo dute azken kontzertua, Bilboko Miribillan, eta sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai.
Huntza taldeak etenaldi mugagabea iragarri du

Huntza taldeko kideek Bilboko Alde Zaharrean ezagutu zuten elkar, unibertsitateko ikasle ziren garaian, eta ia hamar urte geroago, hainbat disko eta kontzertu ugariren ostean, sare sozialen bidez jakinarazi dute ibilbideari amaiera emango diotela. "Ez da erraza bidea etengo dugula esatea. Baina hori eskatzen digute, bihotzak baino, buruak eta gorputzak", azaldu dute zabaldutako oharrean. 

Nekea pilatu ostean, "indarberritzeko astia" behar dutela nabarmendu dute. Bidelagun izan dituzten jarraitzaileak ere gogoan izan dituzte: "Asko bizi izan dugu elkarrekin. Nork esango zigun horren ederra izango zela Bilboko Alde Zaharrean hasitako bidea, Euskal Herri osoan barrena edota euskara entzuten ez den txoko askotara eraman gaituen bide hau. Eta bidelagun, zuek guztiak. Hori ederrena, edo gehien asebete gaituena".

Azken kontzertuaren dataren berri ere eman dute: 2024ko otsailaren 3a. Egun horretan kontzertu berezia eskainiko dute, Bilboko Miribilla Arenan, 20:00etan, gonbidatu ugariren laguntzarekin. Oholtzan eurekin batera arituko diren lagunak nor izango diren aurrerago esango dute.

‘Azkena balitz bezala’ izendatu dute azken kontzertua, "halaxe gozatuko baitute ordura arte geratzen zaien kontzertu bakoitza". Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai, martxoaren 1ean, 10:00etatik aurrera, huntza.eus webgunean eta WeGow plataforman.

Hiru disko eta 250 kontzertu
2014an sortu zen Huntza, unibertsitate giroan, eta 2016an igo ziren lehen aldiz agertokira. Ia hamar urteko ibilbidea egin du, trikitixa doinuak eta euskara Euskal Herriko eta nazioarteko txoko askotara eramanez. 

250 kontzertu inguru eman dituzte, 30 kantutik gora sortu eta hiru disko argitaratu dituzte: Ertzetatik, 2016an; Xilema, 2018an; eta Ezin ezer espero, 2021ean. Lumak (2017), eta Lasai lasai (2018) EPak ere kaleratu dituzte.

Izugarrizko arrakasta lortu du Aldapan gora kantuak, YouTuben entzunaldi gehien dituen euskarazko kantua izatera iritsi baita, ia hamalau milioi erreprodukzio .

Euren ibilbidea amaituagatik, sortutako musikak iraungo du ordea: "Argiak itzaltzean piztuta jarrai dezala Huntzaren musikak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak dantzan jartzen".

Ekaitz Zilarmendi