HUHEZINEMAren kartel irabazlea ezagutu nahi?

HUHEZINEMAren kartel irabazlea ezagutu nahi? Aitzol Zubizarreta santurtziarrak irabazi du 12. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia iragartzeko kartel lehiaketa. Zorionak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/huhezinemaren-kartel-irabazlea-ezagutu-nahi/@@download/image/huhezinema-kartela.jpg
2019/02/06
berria
Aitzol Zubizarreta santurtziarrak irabazi du 12. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia iragartzeko kartel lehiaketa. Zorionak!
HUHEZINEMAren kartel irabazlea ezagutu nahi?

Geroz eta gutxiago gelditzen da  12. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdirako; hain zuzen, dagoeneko aukeratu dute kartela. Aitzol Zubizarreta (1998, Santurtzi) Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleak irabazi du jaialdia iragartzeko kartel lehiaketa. Guztira, Euskal Herri osotik bidalitako 33 lan jaso ditu epaimahaiak, eta guztiak aztertu ostean, Zubizarretaren kartela hautatu du jaialdia iragarri eta euskarrietarako diseinuak sortzeko. HUHEZIn ikasten hasi zenetik, askotan parte hartu du zinemaren inguruko ekintzetan, eta 11. Huhezineman Kutixi saileko Ikusleen Saria lortu zuten.

Lehiaketarako kartela sortu baino lehen “klaserako kartelen bat edo beste” diseinatu duela dio Zubizarretak, baina “lan serio bat” egin duen lehen aldia hau dela; diseinu lanekin “harreman handirik” ez duen arren, aspalditik ditu gustuko, “sormenarekin eta irudimenarekin lotura zuzena” dutelako. “Umetan marrazketa lehiaketa pare bat” irabazitakoa da Santurtzikoa, baina kartel lehiaketa batean “lehenengoz” hartu du parte.  

Zinemak hamabi hamarkada bete dituela eta 12. Huhezinema dela baliatuta, eta “leloa zinemaren lotuta” dagoenez, zinemaren historian esanguratsuak izan diren “hamabi pertsonaia” hautatu zituen Zubizarretak kartelerako. “Zinemaren historiako pertsonaiarik ezagun eta deigarrienak” zerrendatu, eta hamabi aukeratu zituen: “Ideia hau da: nahiz eta film guztiak ez ezagutu aurpegi eta irudiak ezagunak egingo zaizkio ikusleari. Gainera, ikusleentzat jolas interesgarria izan daiteke denak asmatzen saiatzea”.

Kartel lehiaketara aurkeztutako proposamenetako batzuk ikusgai izango dira Aretxabaletan jaialdiak iraungo duen egunetan. Eta gogoratu; film labur bat eskuartean baduzu, martxan da Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdiaren 12. edizioan lanak aurkezteko epea! Otsailaren 15era bitarte izango da aukera proposamenak bidaltzeko. Horietatik 10 aukeratuko dituzte Sail Ofiziala osatzeko, eta 200 euroko ordainsaria jasoko du bakoitzak parte-hartze hutsagatik. Orotara, 5.000 euro banatuko dituztela iragarri dute, hiru sailen arteko sariketetan banatutakoak. Gehiago jakin nahi?