Huezinema film laburren jaialdirako azken ukituak

Badator Huezinema Euskal film Laburren Jaialdia; urtero bezala, zaila egin zaie lehiaketan parte hartuko duten hamar finalistak hautatzea, kalitate handiko lanak jaso dituzte eta. Hala, hautaketan Euskal Herrian azken urtean egindako lan sorta anitza bildu nahi izan dute. Eskarmentuzko zuzendarien lanak eta hasiberrien filmak, emakumezko eta gizonezko egileen proposamenak, fikziozko filmak, dokumentalak, dialogo gabeko filmak, animaziozko lan bat….
Martxoak 23an Aretxabaletako Arkupe aretoan egingo den sari banaketa ekitaldian sari nagusiak banatuko dira: 10 finalistetako bakoitzari 200 euro, Goiena Saria (1.000 euro euskarazko film onenari), Vertigo Saria (400 euro), Ikusleen Saria (300 euro) eta Mundukide Saria (700 euro hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onenari).
Ez galdu lan hauek pantaila handian ikusteko aukera! Hamar film labur hauek martxoaren 23an proiektatuko dituzte Aretxabaletako zineman eta filmen egile gehienak eta beste hainbat gonbidatu bertan izango dira Huhezinema jaialdiaren 11. edizioari itxiera ezin hobea emateko.
EPAIMAHAIA OSATUA
Huhezinema jaialdiaren 11. edizioa hasteko aste pare bat geratzen diren honetan, dagoeneko badituzte epaimahai ofiziala osatuko duten kideak.
Urtero bezala, zineman dabiltzan profesional euskaldunak ekartzen saiatzen dira jaialdiko epaimahai ofiziala osa dezaten, eta aurtengoan Maider Fernández, Aitor Arenas eta Edurne Azkarate izango dituzte.
Hauek dira aurtengo Sail Ofizialerako aukeratutako hamar film laburrak:
- Lisbeth (Aitor Bereziartua) 13’ 52’’
- Kreba (Oier Fuentes) 11’ 31’’
- Tarde para el recreo (Pablo Malo) 21’ 24’’
- Versus (Demetrio Elorz) 8’ 32’’
- La Petite Mort (Ana Gonzalez Telleria eta Andrea Landaluce Florido) 4’ 23’’
- Euritan (Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban) 20’ 35’’
- Plagan (Koldo Almandoz) 9’ 58’’
- Areka (Atxur Animazio Taldea) 6’ 35’’
- Aprieta pero raramente ahoga (David Pérez Sañudo) 15’
- Zulo (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola) 14’