Hozkailua etengabe bisitatzeari uzteko aholkuak

Hozkailua etengabe bisitatzeari uzteko aholkuak Gose emozionala detektatzen dakizu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hozkailua-etengabe-bisitatzeari-uzteko-aholkuak/@@download/image/maxresdefault.jpg
2020/03/25
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gose emozionala detektatzen dakizu?
Hozkailua etengabe bisitatzeari uzteko aholkuak

Etxean orduak eta orduak igaro beharko ditugu egunotan, eta horrek denbora asko eskaintzen digu hozkailutik gertuegi. Gainera, koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz erosketak astean behin egitera mugatu digute, eta beraz, ia ezinezkoa da behar duguna baino gehiago ez erostea eta litxarrerietan erortzea. 

Gauzak horrela, egunotan zenbat aldiz altxa zarete sofatik ala lanerako prestatu duzuen txokotik sekulako gosearekin? Egunean zenbatetan bisitatu duzue hozkailua, halako batean gauza goxoren bat agertuko delakoan? Zenbat txokolate, patata eta bestelako litxarreri irentsi dituzue? Eta hori, etxetik atera gabe, hau da, ia kaloriarik kontsumitu gabe. Ez da gose fisiologikoa; emozionala da.

Gose emozionala gure antsietateak, beldurrak edota haserreak baretzeko defentsa mekanismoa da. Normalean, kirola eginez ala soilik paseatzera ateraz eta aire pixka bat hartuz baretuko genituzke sentipen horiek, baina konfinamenduak ez du horretarako aukerarik eskaintzen. Txakurra 10 minutuz ateratzeak edota beheko dendara ogia erostera joateak ere, ez du gure ezinegona haseko. Eta horregatik, hozkailua bisitatzen dugu.

Baina hori ez da okerrena; gose emozionalak ez digu esaten sagar bat ala platano bat jateko, ez; litxarreri okerrenak dira gose emozionalaren elikagai gogokoenak: gozoak, frijituak, txokolatea, gozo industrialak... kaloria hutseko eta grasa kopuru handiko elikagaiak dira gose emozionalak eskatzen dituenak. Eta bitartean, buruan esaldi maltzur hau entzun dezakegu "Kanpoan gauzak horren gaizki daudenez, behintzat kapritxo batez gozatuko dut".

NOLA BEREIZI GOSE EMOZIONALA ETA FISIOLOGIKOA?

Bi gose motak ez dira berdin agertzen. Fisiologikoa pixkanaka agertzen den bitartean, emozionalak bat-batean erasotzen du; gainera, gose fisiologikoak ez du kapritxorik, baina emozionalak bai; gose fisiologikoak margen bat eskaintzen du asetzeko, eta aldiz, emozionalak berehalako erantzuna eskatzen du; azkenik fisiologikoa asetzeak ondo sentiarazten gaituen bitartean, emozionalak errudun sentiarazten gaitu.

ETA ZER EGIN GOSE EMOZIONALA EKIDITEKO?

Gose emozionalaren orroa entzuten baduzu, saiatu egiten ari zarena utzi eta beste zerbait egiten; etxean kirol pixka bat egin dezakezu, ala musika jarri eta dantzatu... ondo sentiarazten zaituen zerbait egiteak zure antsietatea baretuko du. Leihorik ala terrazarik baduzu, atera eta hartu aire pixka bat; utzi eguzkiaren berotasunari zure ezinegona baretzen. 

Tripak garrasika jarraitzen badu, prestatu ezazu hamaiketako osasuntsua; fruta pixka bat, jogurta, fruitu lehorrak... ez ahaztu ura edateaz. Eta gozoa behar baduzu, hobe txokolate beltza!