HOT BALNEARIO *****

Bilbo Hiria lehiaketan sari nagusia irabazi ondoren, Yakuzi taldeak hirugarren diskoaz jipoitu gaitu. Yakuzi eta Ibai lehorretan itota aurreko lanetan bezala, durangarrek atmosfera instrumental interesgarriak sortu dituzte, osotasunean baina era berean ertz ugarietatik goza daitezkeen kantak konposatuz. Bere berezitasunean, zaila da Yakuzi estilo jakin batean hesitzen, baina post rocka dute ur korronterik naturalena. Zortzi abesti eder dira, arretaz entzutekoak, belarriak erne eta burua argi. Hot balneario batean edo beste nonbait, ederki sartuko zaizkizu.