Hortzak karraskatzen dituzu? Bruxismoa geroz eta gehiago zabaldu da

Denok karraskatu ditugu noiz edo noiz hortzak; zoritxarrez, geroz eta jende gehiagori kroniko bilakatu zaio ohitura txar hau. Bruxismoa nabarmen zabaldu da azken urtean, eta dirudienez pandemiak eta zehazki telelanak eragin zuzena izan dute.
Gorputzaren nahasmendu bat baino portaera bat da bruxismoa, gehienetan kanpoko egoera batek baldintzatua; hala, estresa eta antsietatea dira bruxismoaren eragile nagusiak. Gauzak horrela, dentistek uste dute telelanak antsietate maila igo duela kasu askotan, bruxismoa agerraraziz.
Bruxismoa kontziente ez gaudenean egin ohi da, batez ere lo gaudenean; une horretan, gure garunak arazo eta kezkak ekartzen dizkigu gogora, eta defentsa moduan hortzak estutu eta karraskatzen ditugu konturatu gabe. Gehienetan, ez gara bruxismo horretaz konturatzen, goizez buruko minez eta masailezurra gogortuta esnatzen bagara ere; dentista izan ohi da joera horretaz konturatzen dena.
Askotan aipatu dugu pandemiak hainbat gaitz ekarri dizkigula, batez ere osasun mentalarekin lotutakoak; hala, estresa, antsietatea eta depresioa izugarri zabaldu dira COVID-19aren kontu guztia hasi zenetik. Orain, buruaren gaitz horiek eragindako beste gaixotasunak loratzen hasi dira, tartean bruxismoa. Horrekin batera, lo egiteko arazoak, arazo digestiboak, begietako nekea eta beste hainbat gaitz agertu dira.
Zorionez, bruxismoak badu konponbiderik; esan bezala, ez da nahasmendu bat, portaera bat baizik, eta beraz, desikasi daitekeen zerbait da. Konponbide zuzenena gauean ahotik arnasa hartzen saiatzea da, masailezurra erlaxatuz. Horrekin batera, buruko bigun batek lagundu gaitzake. Arazoa larria bada, dentistak ahorako babesle bat jarriko digu, gomazkoa gehienetan; dena den, eraginkorrena ohitura txarrak aldatzeko saiakera kontzientea egitea da.