Hori harrikada!

Hori harrikada! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hori-harrikada/@@download/image/66p46-1_1365171547.jpg
2006/09/01
erreportajea
Orkatz Goenaga
Udako festetan gorputzari emandako astinduaz atseden hartzeko, ibilaldi proposamen lasaia da honakoa: trikuharriz trikuharri ibiliko gara. Harrikada polita, ezta? 

Neolito amaieran (k.a. 5.000 urte), hildakoen gorpuak kobazuloetan gordetzeari utzi zioten, eta, zeltarren eraginpean, trikuharriak eraikitzeari ekin zioten. Trikuharriak harlauza handiez osatutako hilobiak dira. Harlauzak izaten dituzte lurrean sartuta (hiru, lau edo gehiago izan daitezke), eta, horien gainean, beste harlauza handi bat, estalki gisa. Harri handi horiek tumulu edo harrespilen gainean egon ohi dira. Harlauza handiek, aldapa egiteaz gain, sendotasuna ematen zioten trikuharriari.

Mendian barrena, trikuharriak muino eta magaletan egon ohi dira. Batik bat toki zabaletan topatuko dituzue, gaur egun nagusiki artzaintzarako erabiltzen diren lurretan. Trikuharriak dauden inguruetatik paisaia ezin ederragoak ikus daitezke.

BIZKAIA

Bizkaian, Enkarterrian, badira zenbait megalito gune, eta trikuharriak daude horietan. Turtzioz haranaren gainean, Betaio eta Ventoso mendien arteko hegoaldeko magalean, horietako batzuk aurki ditzakegu. Han dago La Herrera trikuharria, nahiz eta erabat deseginda dagoen. Ventoso mendirantz jarraituz, Perutxote trikuharri ikusgarria aurkituko dugu, eta baita iruinarri eta tumuluak ere. Hilobi guzti horiek markatuta daude, eta paneletan, horien gaineko azalpenak irakur ditzakegu.

GIPUZKOA

Lizarrustiko mendatetik, Lareoko presan barrena, Uiduiko borda multzora iritsiko gara. Uiduiko muinoari paraleloan jarraituz, Gipuzkoako lurretan dagoen trikuharri famatu eta ederrenetako bat ikusteko parada izango dugu: Jentilarri. Jentilarrik bost harlauza ditu lurrean sartuta, eta, gainean, berriz, beste harlauza bat du, izugarria. 15 m-ko diametroko tumulua dauka azpian.

LAPURDI

Kantauriar itsasertzetik, Pirinioetako lehen tontorra Lapurdin dugu: Xoldokogaina. Antzinako hilobi ugari topatuko ditugu Xoldokogaina tontorretik inguruko muino batzuetara joanez. Xoldokogainatik Manttale tontorrerantz joanez gero, Ibardingo lepora iritsiko gara, eta han, bada trikuharri bat. Bestalde, Xoldokogainatik iparralderantz Kalbarioko lepora helduko gara, eta, hor, trikuharri bat ez ezik, harrespilak ere badira. Euskal Herriko Pirinioetan barrena jarraituz, muga alde batetik bestera igaroz, Nafarroako Baztango eskualdera iritsiko gara.

NAFARROA

Baztanen, Gorramendi mendikatean, Barda tontorra dago, eta tontor horren hegoaldean, Bardaxilo trikuharria. Ongi kontserbatu da, baina gaineko harlauza erori egin zaio. Sarrera eta pasabidea ditu trikuharri honek, Aralarko Jentilarri trikuharriaren antzera.

Nafarroan Beherean, Armiaga mendian, hainbat trikuharri daude. Kasu honetan, mendian ibili nahi ez duenarentzat, bada irtenbidea, errepide ondoan baitago Armiagako Mairietxe edo Mariluxeko Harria izeneko trikuharria. Ibiltarientzat, berriz, Xuberaxain Harria izeneko trikuharria dago Armiagako tontorraren hegoaldean.

ARABA

Ezin aipatu gabe utzi Euskal Herrian ikertu zuten lehendabiziko trikuharria: Aizkomendiko trikuharria. Egilaz herrian dago. Inguruan, Agurainen, Opakua mendatera goazela, beste trikuharri eder bat ikusi ahal izango dugu harizti batean barneratuz: Sorginetxe.

Ama lurrarekin solasean


Euskal Herrian 700 trikuharri baino gehiago daude zenbatuta. Trikuharriez gain, menhir, cromlech, tumulu edo harrespil ugari dago gure mendietan.

Baina, zein sinesmen eta mundu ikuskera dago harritzar hauen oinarrian? Erromatarren aurreko europar guztion antzera, gizaki haiek Ama Lurra gurtzen zuten. Egundaino iritsi zaizkigu ohitura horiek.

Ama Lurrak bizitza zekarren; belarra, fruituak, zuhaitzak, sendabelarrak, harriak, ura eta abar. Era berean, Ama Lurrak botere bereziak zituen, eta bizirik irauteko behar zituen elikagai eta mantenugaiak ematen zizkion gizakiari.

Ama Lurrak bizitza eman arren, heriotza garaiezina zen; baina, hala ere, gizaki haiek bazuten fedea Ama Lurrarengan. Hark eman zien bizitza, eta emandakoa itzuli egin behar zitzaion. Nola, ordea? Zein da Ama Lurrera gerturatzeko modu bakarra? Lurrean zuloa egitea, edo egindako zuloan sartzea, hau da, kobazuloan.

Eguzkia eta ilargia
Mundu-ikuskera hartan, Ama Lurrak bi alaba zituen, bi jainkosa, bizitzaren eta heriotzaren seinale: ekia edo eguzkia (bizia zekarrena), eta ilargia (hil-argia). Heriotza ilargiaren argipean gurtzen bazuten ere, omen egin behar zitzaion heriotzaren ondorengo bizitzari. Zertarako? Alde batetik, bizirik jarraitzen zutenei indarra emateko, eta, bestetik, hildakoari itzulerako argia erakusteko. Hala, trikuharriak beti ekialdetik mendebaldera begira egoten dira, hilotzaren burua ekialderantz jarrita; bizitzaren bidea erakutsiz.