Hondartzako laguna, gero eta arinago

Hondartzako laguna, gero eta arinago https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hondartzako-laguna-gero-eta-arinago/@@download/image/64p42-1.jpg
2006/06/02
erreportajea
Unai Brea
Hondartzako laguna, gero eta arinago
Urtez urte, bainu-jantziak gero eta ohial gehiago galdu du eta gero eta haragi gehiago utzi du agerian. Ohial apur hori ere sobera dagoela dioenik ere bada, biluztasuna aldarrikatuz. Hona hemen bainu-jantziaren historia.

XIX. mendean, lehen bainu-jantziak agertu zirenean, jende asko asaldatu egin zen. Haserreak jotako hiritar errespetagarri haiek ez ziren tanga bat —edo bikini xume bat, sikiera— ikusteko adina urte bizi izan. Eskerrak ez zutela halakorik ikusi!

Izan ere, beste hamaika arlotan bezala, bainu-jantziek ere iraultza bizi izan zuten XX. mendean. 1915ean, bainu-jantziek (hobe "hondartzarako arropek" esatea) galtzerdiak zeuzkaten; 1946an, 30 urte geroago, bikinia jaio zen.

Medikuen "erruz"

XIX. mendea baino lehen, inork ez zuen bainu-jantzi beharrik izan, bainua hartzeko ohiturarik ere ez zegoelako, salbuespenak salbuespen. Hondartzen "inbasioa" XIX. mendean hasi zen, medikuntzaren "erruz": halako batean, itsasoko ura eta eguzkia, gaitz askoren sendagarri zirela zabaldu zen nonahi. Medikuen aginduz edo gomendio hutsez, europarrak itsasoan bainatzen hasi ziren. Baina, hasieran, jantzi arruntekin sartzen ziren uretara!

Uretan murgiltzeko beren-beregi sortutako arropak behar ziren, eta hala sortu ziren lehenengo bainu-jantziak. Baina, egia esan, ez zegoen alde handirik jantzi haien eta kaleko arropen artean. Bainu-jantzi haiek ez ziren erosoak, ezta erabilgarriak ere. Gorputz begiratu zaleek, berriz, jai zeukaten: ozta-ozta igarriko zuten, beso bat han, edo berna bat hemen.

Miarritzekoak, "eredugarriak"

XIX. mende erdian, eztabaida handia izan zen bainu-jantziaren inguruan. The Times egunkariak hainbat artikulu argitaratu zituen gai horretaz, eta artikulu horietako baten bitartez, Euskal Herriak bere ekarpentxoa egin zion bainu-jantziaren historiari: J. Henry Bennet izeneko morroi bat, Miarritzetik bueltan, "frantses bainu-jantziaren" alde agertu zen kementsu The Timesen orrialdeetan. Benneten berbetan, emakumeen jantzia ohialezko galtza batek eta belaunetik behera zihoakien blusa beltz batek osatzen zuten. Gizonek, berriz, marinel jantzi antzekoak zeramatzaten, marra eta guzti. 1855ean gertatu zen hori.

Urteak joan urteak etorri, bainua hartzeko jantziek gero eta bainu-jantzi itxura handiagoa hartu zuten, baina ez zen aldaketa sakonik izan XX. mendera arte. I Mundu Gerraren ostean ale bakarreko lehenengo bainu-jantziak agertu ziren, eta 1930ean, emakumeentzat propio egindako lehen jantziak. Artean izterrak estaltzen zituzten, eta busti ondoren, hiru kiloko pisua zeukaten. Artilezkoak baitziren, izan.

Bikinia, leherketa baten modukoa

1946an jaio zen bikini ospetsua. Garai hartan, leherketa nuklear asko egiten ari ziren Ozeano Bareko Bikini Uharteetan. Hain zuzen, ale biko bainu-jantzi berriak hain eztabaida handia sortu zuen, piztu zituen erreakzio puristak eta Bikini Uharteetako leherketak parekatu egin zituztela. Hortik dator Bikini izena, hain justu.

Hala ere, 1960ra arte bikiniak ez zuen arrakastarik lortu. 1951n, esate baterako, debekatua egon zen Miss Universe lehiaketan. Baina azkenik, zinemako hainbat izarrek bultzatu zuten bainu-jantzi berria. Brigitte Bardottek, batik bat. Bat baino gehiago oroituko da, halaber, James Bonden pelikula batean Ursula Andres uretatik ateratzen den eszena gogoangarriaz.

Bikiniari izugarri lagundu zion ehungintzan izandako iraultzak. 1960an lycra asmatu zen, berezkoa baino sei bider luzera handiagoa har dezakeen ehuna. Handik aurrera, bainu-jantzi elastikoak nagusitu ziren. Lau urte geroago, monobikinia "asmatu" zen Kalifornian. Hau da, bikiniaren goiko aldea kentzeko moda, edo top-lessa, jaio zen. Zer esanik ez, gizonezkoek askoz lehenagotik erakusten zuten bularra, II Mundu Gerra aurreko zentsurak gaindituta. Azkenik, 1974an jaio zen tanga, Brasilen. Oraingoz ez da ezer txikiagorik asmatu, biluzik joatea ez bada.

Biluzik ere, primeran



Ikusi dugunez, bainu-jantziaren historia bainu-jantzia gero eta txikiago bihurtu duen bilakabidea da. Azkenik, naturismoak eta nudismoak, hondarreko ohial zatiak kendu dizkiote hain ohiko bihurtu zaigun jantziari.Aurreko lerroak irakurrita, ez dezala inork ulertu, nudismo/naturismoaren agerpena bainu-jantziaren bilakabidearen urrats bat gehiago (azkenekoa) denik. Ezta hurrik ere!

Nudismoak badu bere historia, eta ia bainu-jantziarena bezain luzea da, gainera. Nudismoaren bilakaerak ez dauka, hortaz, zerikusirik bainu-jantzien gorabeherekin. Ezin ukatu, ordea, nudismoak azken hamarkadetan hartu duela indar gehien. Bide batez, argitu dezagun nudismoa eta naturismoa sinonimotzat erabiltzen direla, baina ez direla hala. Naturismoak azpimarratu egiten du, biluzik egotea naturarekin harreman egokia sortzeko modua dela; nudismoa biluztea da, besterik gabe. Oraingoan, hala ere, baliokidetzat hartuko ditugu hitzok.

Lehen elkarte naturista 1903an sortu zen, Alemanian. Eta hain zuzen, ipar Europan dauka nudismoak indar gehien. Aitzitik, Euskal Naturista Elkartearen (ENE) esanetan, Euskal Herria da Europan nudismoa ahulen dagoen herrietako bat. Elkartearen arabera, ohitura hori daukaten euskal herritar askok, hemendik kanpo baino ez dute egiten; Mediterraneo aldean-edo oporretan doazenean.

Nolanahi ere, Euskal Herrian ere badira nudismo tradizio handia duten hondartzak eta bestelako lekuak. ENEren web orrian (www.ene-naturismo.org) izango duzu horien berri. Webgunearen hasieran gogorazten dutenez, ez dago leku publikoetan biluztea debekatzen duen inongo legediarik. Izan kontuan.