Homosexualitatea topiko ugari

Homosexualitatea topiko ugari https://www.gaztezulo.eus/albisteak/homosexualitatea-topiko-ugari/@@download/image/41p185-1_1368104477.jpg
2004/05/07
erreportajea
Asier Coloma
Sentikortasuna, glamour-a, gorputz zardaia, betiereko gaztetasuna... gay izatearen sinonimo bilakatu dira. Baina hau hala al da? Homosexualitateari buruzko topikoei buruz jardun dugu.

Homosexualitatearen inguruan topiko asko sortu dira. Promiskuitatea, hau da, etengabe harreman berrien bila aritzea, da homosexualei leporatu dieten gauzetako bat. David Monterori, Gehitu  Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Elkarteko kideari, gaiaz galdetuta, bereizketa gizon eta emakumeen artean egin beharko litzatekeela uste du, eta ez  homosexual eta heterosexualen artean. "Gizonezko eta emakumezkoen artean dago ezberdintasuna. Gizonezkoek senezko sexualitatea dugu, eta horrexegatik gara, oro har, promiskuoagoak" esan digu.

Rolak bereiz al daitezke?
Eta gizonezkoaren eta emakumezkoaren rola bereizten al da bikote homosexualetan? Askok diotenez, gizonaren rola hartzen du bikotekide batek —hortxe betiko "kamioilarien" irudia— eta emakumearena besteak. 

Olatz Berastegi sexologoaren iritziz, oro har, bi rolak nolabait bereizten dira. Hala ere, gehientsuenetan ez daude zehaztuegi. Monteroren iritziz, aldiz, XXI. mende honetan, ia ezinezkoa da emakumezkoaren eta gizonezkoaren rolak bereiztea bikote homosexual batean. 

Bestalde, EHGAM, Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduko Mikel Martin Conderen arabera, jendeak harreman heterosexualetan ematen diren rolak harreman homosexualetara eramaten ditu, eta hori ez da zuzena, Mikelen iritziz: "Rolak egon badaude, baina ezberdinak dira, eta denboran zehar aldatu egiten dira, gainera".

Jaio ala hazi?
Gizakia homosexual jaiotzen da, ala urteen poderioz bilakatzen da? Ikerketetan hitzetik hortzera errepikatzen den galdera da hau. Hala ere, Olatz Berastegiren arabera, "horrek ez du garrantzirik. Eta zientifikoki ez da ezer frogatu". Monterok ere iritzi bera du: "Ez dakit jaio egiten garen ala beranduagoko gauza ote den, baina niri bost axola. Hainbeste teoria eraiki dituzte! Heterosexualari ere gauza bera galde geniezaioke" .

Homosexualen sexu harremanei buruz ere topiko bat baino gehiago dago. Esaterako, heterosexualen artean sexu harremanak koitoarekin identifikatzen dira maiz. Askoren ustez, harreman homosexualetan ere koitoa da gehien baloratzen den harreman mota. Baina usteak erdia ustel. "Sexu-harremanak zabalak dira, eta ezbairik gabe, koitoa baino haratago doaz", esan digu Olatz Berastegik. Bestalde hona hemen Monteroren iritzia: "Heterosexual askorentzako sexualitatea koitora mugatzen da, eta horregatik sexualitatearen mundu zabala aukera bakarrera murriztu nahi dute. Baina sarketa ez da harreman homosexualetan gehien egiten dena, ezta askoren gustukoena ere".

Ezjakintasunak sortutako topikoak
Topiko hauek, eta beste batzuk ere, oso errotuta daude. Baina nola sortu dira? "Ezjakintasunaren eraginez sortu dira. Jakinmin eta morbo handia du jendeak, eta erantzunik ezean, gauzak asmatzen ditu", esan digu Monterok. Mikel Martin Conderen iritziz, bestalde, "topiko hauek gizarte patriarkal eta heterosexista batean bizi garelako sortu dira".

Telebistaren eragina



Azken urteotan homosexualitatea, errealitate ezkutua izatetik, agerian dagoen errealitatea izatera igaro da. Komunikabideek lan handia egin dute bide honetan. Baina, hedabideetan eta berezi telebistan eskaintzen diguten homosexualen irudia ez al da estereotipatua? Eskaintzen duten irudia ez al da azalekoa? Egoera normalizatzen laguntzen al du?

"Homosexual guztiak ez dira telebistan agertzen direnekin parekatu behar. Pertsona bakoitzak bere burua ordezkatzen du. Telebistan azaltzen direnek ´luma´ gehiago ala gutxiago dutela... zer egingo zaio! Nik behintzat ez diet ezer aurpegiratuko, meritu handia baitute: belaunaldi homosexual askoren erreferente bakarra izan dira", esan digu Monterok. Mikel Martin ere iritzi berekoa da: "Buruarinkeriarekin lotutako homosexual asko azaltzen da telebistan, gizonezkoak guztiak. Argi utzi behar da homosexual guztiak ez garela horrelakoak. Baina era berean, telebistan azaltzeak kalte baino lagundu egiten du, bertan azaltzen dena existitu egiten baita".