Homosexuala Iraken

Homosexuala Iraken https://www.gaztezulo.eus/albisteak/homosexuala-iraken/@@download/image/2012539227irak__1360708674.jpg
2012/05/04
erreportajea
Testua eta argazkiak: Karlos Zurutuza
Homosexuala Iraken
Homosexual eta gazte 'gotiko'en gorpuz josita. Horrela esnatzen dira, egun, Bagdadeko kaleak. Desberdina izatea garesti ordaintzen da Irak berrian.

"Porlanazko bloke batez erdibitu zioten burua. Hurrengoa ni neu izan ninteke". Izuak jota dago Ruby. Gazteak bere benetako izena eta aurpegia ezkutatu ditu gure kameraren aurrean. "Ahotsa ere distortsionatu, mesedez", eskatu digu. Ez da harritzekoa: eskuineko eskuan lagun baten argazkia erakutsi du, mugikorrean; ezkerrekoan, mutil horren gorpuaren erretratua, aurpegia odolez estalia. "Saif Asmar zuen izena, lagun mina nuen", diosku Rubyk, emozioak gaindituta.

Urte hasieratik makina bat izan dira modurik basatienean akabatutako homosexualak. Emo estetika edo estetika gotikoa jarraitzen dutenak ere kanpaina beraren biktima izan ohi dira. Rubyk dio larogeitik gora hildako izan direla dagoeneko, gehienak Sadr City eta Geiara auzoetan. Khadimiyako distrituan, hain justu, azidoz eraso egin omen diete hainbat gazteri.

"Belarritakoak, sudurreko eraztunak, ezohiko orrazkerak… dena homosexualtasunaren ikur bilakatu da haientzat. Deabrua gurtzea ere leporatu digute!", azaldu du Rubyk. Duela hilabete bere etxetik alde egin zuen, mehatxua jaso eta berehala. "Mehdi milizia xiita dago krimen hauen atzean", seinalatu du. Moqtada Al-Sadr buru erlijioso eta politikoak sortutako talde paramilitarraz ari da. Estatubatuarren okupazioaren kontra urtez borrokatu ondoren, askok diote egungo gobernu xiitaren "indar paralelo" bat osatzen dutela Al Sadr-en gizonek."Milizia-gobernu bat besterik ez da geurea. Konponbiderako, atzerriko nazioen babesa eskatzen dugu gure gazteentzat. Bestetik, Irakeko gobernuari presioa ezarri beharko litzaioke, amesgaizto hau amai dadin".

Ekintza lizunak

Biktima gehienek zerrendaren batean ikusi dute beren izena. "Kondenatuen paper" horietako bat izan dugu esku artean: 33 lagunen izen-abizenak, eta etxebizitza blokearen zenbakia azpian. Izenburu gisa, mehatxu bat ageri da, bi pistolaren irudien artean: "Zuen ekintza lizuna lau egunen buruan eteten ez baduzue, mujaidinek –gerlari islamiarrak– jainkoaren zigorra ezarriko dute".

Urtarrilean argitara emandako komunikatu batean, Irakeko Barne Ministerioak "satanikotzat" jo zuen gazte gotikoen mugimendua, emo izenez ere ezagutzen dena. Gobernukideen arabera, poliziaren talde berezi bat arduratuko zen gaiaz. Moqtada Al Sadr-ek tonu berean hitz egin zuen iragan martxoan: "Gure gizartearen lakra dira emo gazteak; jainkoaren kontrako ero hauek akabatu behar ditugu behin betiko", zioen kleriko xiitaren komunikatuak.

Lesbianak ere jomugan

Emakumeen Askatasunerako Erakundera jo dugu, Bagdadeko erdigunean. GKE honetako lehendakariorde Dalal Jumma Estatuaren eta erlijioaren arteko banaketa ezaz kexu da: "Iman Aliren martirioan parte hartu izana ere leporatu diote hainbati. Nola liteke honelakorik XXI. mendean?", dio ekintzaileak. Xiitek gurtzen duten Ali, hain zuzen, VIII. mendean hil zen.

Jummaren elkartea aterpe izan da emakume askorentzat azken urteotan. Madi (izen faltsua) hona iritsi zen, e-mailez mehatxua jaso eta ihesean ibili ostean. "Herrialdetik alde egin ezean, nire familiari lesbiana naizela esango zioten", kontatu digu 26 urteko neskak. Ulertzekoa zen Madiren beldurra: "Iraken lesbiana asko asasinatzen dituzte beren anaia zaharrenek. Ohore krimen gisa hartzen dira Iraken. Gobernuak ez du inoiz ikerketarik abiatzen, etxe barruko kontuak direnaren aitzakiapean".

Londresen egoitza duen Iraqi LGBT erakundeak salatu duenez, 720 homosexual hil dituzte Iraken azken sei urteotan. GKEak "milizia xiiten heriotz-eskoadroiei" leporatzen die kanpaina basatia, baita Madik ere: "Denok dakigu Moqtada al Sadr-en miliziak direla. Egoera biziki okertu zen duela lau urte fatwa bat –lege islamikoa– argitaratu ostean. "Homosexualak modurik bortitzenean akabatu behar dira", zioen aginduak.

"Biktima asko bizirik zatikatu dituzte, ala su eman diete. Gorpuak ospitalera iristean medikuek badakite homosexualak direla, baina ez da ezer egiten", diosku Madik. Anonimotasunean egon nahi duen hainbat medikuk ere horixe baieztatu digute.

Human Rights Watch-en 2009ko txostenaren arabera, biktimetako asko torturatu egin zituzten, izenak eman zitzaten. Praktiketako bat ipurtzuloa itsastea omen da. Janari eta diuretikoekin batera, biktimaren heriotza basati eta jasangaitza eragiten dute.

Gune Berdean

"2003ko inbasioa eta gero, atzera baino ez dugu egin giza eskubideen arloan", nahigabetzen da Ashwaq Jaf legebiltzarkide kurdua, Irakeko parlamentuko pasiloetan. "Arazo nagusia zera da, batetik 2005eko Konstituzioa dagoela indarrean, eta Xaria –lege islamikoen kodea– bestetik. Bien arteko kontraesanek hutsune arriskutsuak sortzen dituzte, eta kaltetuenak homosexualak eta emakumeak dira beti", dio 39 urteko emakume politikariak.

Boterearen gotorlekua den Gune Berdean iritzi gehiago jaso ditugu: "Iraken homosexualitatea krimena da, sozialki nahiz legalki", onartu du Saad Al Muttalibik, Lehen Ministro Nuri Al Malikiren alderdikideak. Muttalibik Al Qaedaren gertuko miliziei edota Iranek babestutakoei leporatzen dizkie krimenak, baina ez du, inola ere, Motada Al Sadr-en izena aipatu. 2010eko hauteskundeetan, Al Malikik kleriko xiitaren alderdiari esker lortu zuen gehiengoa. Hori liteke bere isiltasunaren arrazoia. "Irakiar gizartearen isla baino ez da homosexualek egun pairatzen duten egoera. Zorionez, gauzak emeki aldatzen ari dira, eta gero eta bikote homosexual gehiago ikusten da Karrada auzoan, esaterako", gaineratu du gizonak.

"Amak ilea mozteko erregutu zidan, hilko nindutela bestela", kontatu digute Bagdadeko auzo horretan. Kalean ez dugu sexu bereko kidez osatutako bikoterik ikusi, ezta belarritako edo orrazkera apartekorik. Hiribide nagusiko dendetan ere desagertu dira jada buru-hezurrak, zilarrezko kateak eta tankerakoak.

Ohore krimenak


Urtero milaka emakume dira ohore krimen delakoen biktima Iraken. Adostutako ezkontzari uko egitea, ezkondu aurretiko sexu harremanak izatea edo adulterioa dira, besteak beste, anaiek edo familia buruek euren alabak hiltzeko arrazoi nagusiak. Bortxatutako emakumeak ere akabatzen dituzte maiz, batez ere erasoaren ondorioz haurdun geratu badira. Basakeria honen aurrean, Gobernuak beste aldera begiratzen du beti, familiek salaketarik jartzen ez dutela argudiatuz gehienetan.

Human Rights Watch-ek aurten argitaratu txostenaren arabera, emakumeen kontrako ohiko erasoak “Irakeko arazo nagusienetako bat bilakatu dira egun”. Ohore krimenak ez ezik, emakume kazetari, politikari edo, besterik gabe, profesionalak indarkeria matxistaren biktima dira. Behartutako prostituzio kasu ugari ere salatu ditu GKE honek aurtengo txostenean, baita herrialde honetan hain ezaguna ez den beste errealitate bat ere: Irakeko Kurdistango hainbat eskualdetan klitoriaren ablazioa ohikoa omen da. HRWen arabera, hango emakumeen %40 dira praktika basati honen biktima.