"Hogwarts Legacy" bideojokoan pertsonaia transgenero bat agertzen da
Hogwarts Legacy, urte hasi baino ez bada egin ere, aurtengo bideojoko aipatuenetarikoa izango da ziur. Metacritcic webgunean iruzkin oso positiboak jasotzen ari da eta jada bideojokorik salduenen zerrenda sartu da. Izan ere, Harry Potterren zalea den orok ziur eskuratu duela berea, gamer-a izan ala ez.
Polemikaz inguratuta kaleratu da ordea. Ez jokoagatik, baizik eta Harry Potter sagaren idazlea den J. K. Rowling-ek egin zituen iruzkin transfoboengatik. Ordutik, Harry Potterren unibertsoari boikota egin behar zaiola diotenak ugariak dira eta bideojokoarekin ere aldarri berdina egin dute. Izan ere, Harry Potter marka edozein modutan erabitzeagatik idazleak royaltiak jasotzen ditu.
Dena den, Hogwats Legacy-ren sortzaileak J. K Rowling-en polemikari izkin egiten saiatu dira. Horregatik, bigarren mailako pertsonaien artean emakume transgenero bat aurkitzen da: Sirona Ryan. Sirona Hogsmeade herriko Hiru Erratz tabernaren arduraduna da. Berarekin hitz eginez gero, Ryan-ek Lodgok iratxoarekin duen laguntasun harremana aipatuko digu. "Nahikoa adeitsua zen, baina ez ginen lagunak. Magoekiko mesfidantza nahikoa sustraitua du", kontatzen digu, nahiz eta gero lagunak bilakatu ziren arrazoi on batengatik.
"Urteak neramatzan bera ikusi gabe orain dela hilabete batzuk etorri zen arte. Itxurak itxura, berehala ezagutu ninduen. Nire klasekideetaz esan dezakedana baino askoz gehiago da. Segundo bat nahikoa izan zuen ohartzeko sorgin bat nintzela eta ez mago bat".
Ez da bideojoan aurki litekeen inklusio keinu bakarra. Pertsonaiak editatzerakoan itxura fisikoa, ahotsa eta gela aukeratzen dira eta mago edo sorgin izan zintezke, zure itxurak itxura. Honela, generoaren kontzeptua ezabatu egin dute. Aipatu behar da joera hau sekula baino ohikoagoa dela bideojokoetan.
Noski, Sirona pertsonaiak eztabaida sortu du sare sozialetan. Batzuentzat inklusio keinu azpimarragarria da, jokoaren sortzaileak, ideologikoki, J. K Rowling-en antipodetan daudela frogatzen duena. Beste batzuentzat, ordea, keinu oportunista da, produktuaren zuriketa bat. Izan ere, Sironarekin edo gabe, saga famatuaren idazleak onurak ekonomikoak jasoko baititu bideojokoagatik.

