Hogeita zazpi film ikusteko aukera udan Bilbon

Bueltan da Udako Golem; guztira 27 film izango dira ikusgai Bilboko Azkuna Zentroko pantailetan irailaren 2ra arte, "udako hilabeteetan izaten den kalitatezko zinemaren lehorteari aurre egiteko asmoarekin". Film guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, azpitituluekin. Ohiko moduan, pelikulak txandakatu egingo dituzte sei egunean behin, ikusleek hitzordurik egokiena hautatzeko aukera izan dezaten. Aurten, Krzysztof Kieslowski handia jaio zeneko 80. urteurrena dela eta, omenaldi txiki bat egin nahi izan diote Poloniako 1970eko, 1980ko eta 1990eko lehen urteetako zinemagilerik garrantzitsuenetako bat izan zenari, haren bost film proiektatuz. Era berean, honako hauek ere bildu dituzte programazioan: asteko programazioan sartzerik izan ez dituzten filmak, proposamen erradikalak, zinema dokumentala, eta, euren ustez, bigarren aukera bat merezi duten obrak.
Pelikula horietatik hamar estreinaldiak izango dira: Sweat (Magnus von Horn, 2020), Josep (Aurel, 2020), The Lonely Wife (Satyajit Ray, 1964), I Am woman (Unjoo Moon, 2019), Driveways (Andrew Ahn, 2019), Ghosts (Azra Deniz Okyay, 2020), Birdsong (Hendrik Willemyns, 2019), La dona il legal (Ramón Térmens, 2020), Urtzen (Telmo Esnal, 2020) eta La vampira de Barcelona (Lluís Danés, 2020).
Bestetik, bigarrenez ikusgai izango diren beste zortzi proposamen ere gehitu dituzte, 2019tik hona estreinatu direnak: Martin Eden (Pietro Marcello, 2019), El agente topo (Maite Alberdi, 2020), The Glorias (Julie Taymor, 2020), Kajillionaire (Miranda July, 2020), My Mexican Bretzel (Nuria Giménez Lorang, 2019), The United States vs Billie Holiday (Lee Daniels, 2021), Crock of Gold: A Few Rounds wih Shane MacGowan (Julien Temple, 2020) eta Dating Amber (David Freyne, 2020).
Aipatu bezala, Krysztof Kieslowski zinemagile poloniar ezaguna zenaren filmografiako bost izenburu ekarriko dituzte pantaila handira, uztailaren 12etik abuztuaren 19ra; tartean, Frantziako banderaren koloreei eskainitako trilogia: Krótki film o zabijaniu (1988), La Double Vie de Véronique (1991), Trois couleurs: Bleu (1993), Trois couleurs: Blanc (1994) eta Trois couleurs: Rouge (1994).
Azkenik, AEBetatik, Espainiatik eta Italiatik heldutako lau dokumental eskainiko dituzte: The Booksellers (D.W. Young, 2019), Tommaso (Abel Ferrara, 2019), Nación (Margarita Ledo Andión, 2020) eta Feillini degli spiriti (Selma Dell’Olio, 2020).
Emanaldi guztien egutegia Golemen atarian kontsulta daiteke.