Hogeita hamar emanaldi baino gehiago izango dira Bilboko Musikauzo ekimenean
MusikAuzo programak tokiko bandak publiko zabalari hurbiltzea du helburu, eta asmo horrekin 37 musika emanaldi antolatu dira, hogei kontzertu eta musika banda ibiltarien hamazazpi kalejira, maiatzaren 17tik ekainaren 29ra. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.
Lehenengoa maiatzaren 17an izango da, Abandoko Casilda Parkean, 19:30ean, Melted Klocks taldearekin. Lehen kontzertu honetan Dani Tomasek (gitarra), Damon Robinsonek (ahotsa), Blas Fernandezek (bateria), Xabi Barrenetxeak (baxua), Mikel Nuñezek (teklatua) eta Ostiz Gorrotxategik (tronpeta) osatutako musika taldeak rocketik blusera bitarteko estiloen fusioa eskainiko dute.
Ekainaren 16ra bitarte beste hainbat talde entzuteko aukera izango da: Mario Clavell Quartet, Cotton Blues, The Blue Yeyés, Gonzalo Portugal, Confluence, Adarrots Folk Taldea, Hugo Silveira Quartet, Moonshakers, Xatiro, M&A Swing Machine, Babelian, Basterchef, Vulcanizadas, The One, J.P.K, Amooma, Txistu Mundua eta Martina, Moonlight Shadows Band eta Mía Kalo. Estilo anitzak izango dira talde hauen eskutik: rock alternatiboa, folka, reggaea, soula, jazza, bluesa, countrya eta rock-and-rolla.
Gainera, hamazazpi kalejira ere egingo dituzte, maiatzaren 13tik ekainaren 29ra, hiriko hainbat txokotan ibiliko diren musika banda ibiltariekin. Honako hauek arituko dira bazterrak girotzen: Bilboko Udal Txistulari Banda, Euskal Brass Band, Gazteleku Fanfarria, Orkresta, Banda Magnetica, Sugarri Show, Kolpez Blai, Brass Band Funky Brass, Elektro Txiki, Marmara Marching Band, Fanfarria Adiskideak, Bihotz Alai Dantza Taldeko Musikariak.
