Hogeita hamabost film labur eta sei kontzertu eskainiko dira Korterraza Gasteiz jaialdian

Arabako hainbat herritan proiekzioak egin ondoren, Gasteizen txanda izango da orain. Korterraza Gasteiz-en hamalaugarren edizioa ostegunetik larunbatera izango da, Artium Museoaren kanpoaldean. Film laburren aire zabaleko saioez gain, sei kontzertu ere antolatu dituzte.
Hogeita hamabost film labur proiektatuko dira hiru egunetan, gaueko hamarretatik aurrera, Artium Museoaren barne plazan. Honako lan hauek izango dira, besteak beste: Actos por partes (Sergio Milan), 7 dosis de dopamina (Virginia Rodriguez), Paris 70 (Dani Feixas Roca), Amarradas (Carmen Cordoba) eta El crédito (Alex Escudero).
Arabako lanak ere ikusi ahal izango dira Korterrazan, hala nola El parto eta Love is in the air filmen estreinaldiak, David Pérez Sañudoren Artesanía, Sonia Estévezen Malkoak, Mikel Bustamanteren Lugar de nacimiento, Aitzol Saratxagaren Lanbroa, Nerea Torrijosen Influencer eta Álvaro Herrero eta Héctor Amadoren Psicópatas de clase media.
Abuztuan ere bi proiekzio egingo dira. Bata, abuztuaren 24an izango da, 21:15ean, Artiumeko barne plazan, Korterraza Sentsibilizatu izenekoa, gizarte gaiei buruzko saioa. Besteak, berriz, abuztuaren 31n egingo dute, 19:30etik aurrera, Zumaia plazan. Haurrei zuzendutakoa izango da eta Korterraza Txikiko film laburrak emateaz gain, ipuin kontalarien saioak ere izango dira.
Epaimahaia eta sariak
Gurutze Beitia eta Susana Soleto aktoreek eta Aitor Lopez de Aberasturi zuzendariak osatuko dute epaimahaia eta eurek erabakiko dute Alex Angulo Saria, Keler Saria eta Grupo Eleyco Saria Komediarik onenari zeinek eskuratuko dituzten. Beste hainbat sari ere banatuko dira: Ikusleen saria-Laboral Kutxa Saria, Korterraza Txiki-El Correo Saria eta Korterraza Txiki 2. Saria, Sentsibilizatu Saria, Korterraza Araba Saria eta Korterraza Araba Txiki Saria.
Bertako Igogailuak-Euskara Saria, euskaraz filmatutako lanik onenaren saria, esleitu dute jada eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa film labur arabarrarentzat izan da. Hori dela eta, diru-saria ez ez ezik, Sail Ofizialean parte hartzea ere lortu du.
Musika emanaldiak
Kontzertuez gozatzeko aukera ere izango da jaialdian. Ostegunean, 18:30ean, The Soulbreaker Company talde gasteiztarra arituko da, Artiumen kanpoan. Jarraian, 20:00etan, Rufus T. Fireflyrek hartuko du agertokia.
Ostiralean, MFC Chicken eta Kamikaze Helmets taldeak izango dira, eta larunbatean rocka izango da nagusi. Memphis talde gasteiztarrak 18:30etik aurrera joko du eta Money Gods lehen diskoko kantuak aurkeztuko dituzte. Ondoren, 20.00etan, Sex Museum igoko da oholtzara.