Hogeita bat film labur eta hamar bideoklip emango dituzte Huhezineman, asteazkenetik ostiralera
Asteazkenean hasiko da Huhezinemako 17. edizioa, Aretxabaletan, eta hiru eguneko iraupena izango du, ostiralera arte. Hogeita bat film labur eta hamar bideoklip proiektatzeaz gain, bestelako ekintzak ere izango dira: tailerrak, masterclassak, kontzertuak eta sari banaketa.
Asteazkenean, Paul Urkijo eta Mattin Aierberen masterclassak izango dira eta arratsaldean Ikasleen Saileko film laburrak emango dituzte. Aretxabaletan pintxo potea egin ohi denez, poteoarekin borobilduko dute eguna.
Ostegunean, hilaren 25ean, Bideoklip Sailen proiekzioak emango dituzte. Arratsaldea Bihotza negar bideokliparen estreinialdiarekin hasiko da. Ondoren, Asier Renteriak soinuaren inguruko masterclassa eskainiko du. Azkenik, Jasan taldearen kontzertua antolatu dute Arkupen.

Ostiralean izango da jaialdiaren egun handia. Sail Ofizialeko hamar lanak proiektatuko dituzte, tartean atsedenaldinak eginez. Finalera iristea lortu duten film laburren zuzendari gehienak bertan izango dira, euren lanak aurkezten. Proiekzioak amaitzean, arratsaldeko 19:30ean, sari banaketa egingo dute. Ekitaldia borobiltzeko, Ausolanen eskutik mokadutxoa egongo da. Jaialdia festa giroan amaituko dute, Arkupen bertan, DJ Rosamarirekin.
Ekintza guztiak doakoak eta irekiak izango dira, eta jaialdian zehar, Albina Sturdust, Kepa Errasti, Ane Urresti eta Iker Mateo arituko dira aurkezle lanetan.
Jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak eskuliburuan kontsulta daitezke.
