Hizkuntzak ikasteko ere: Tandem

Hizkuntzak ikasteko ere: Tandem https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hizkuntzak-ikasteko-ere-tandem/@@download/image/jurgen_wolf_1359539161.jpg
2013/02/04
erreportajea
Jürgen Wolff, Tandem R Fundazioa
Hizkuntzak ikasteko ere: Tandem
Tandema elkarlanaren bizikleta da, ezinbestekoa baitu bi aldeen partaidetza aurrera egiteko. Mekanismo hau ‘zuk niri ikasten laguntzen didazu eta nik zuri ikasten laguntzen dizut, horrela hobeto ulertuko dugu elkar’ leloari jarraituz, hizkuntzaren ikas-prozesuan erabiltzen dugu Tandem Fundazioan.

Alegia, hemengo herritar batek eta kanpotik etorritako batek osatutako elkartruke bikoteak eratzea proposatzen dugu hizkuntzak ikasteko. Doako sistema da, banan-banakoa eta ekologikoa.

Edozein hizkuntzatan tandem egin ahal izateko, bi baldintza jartzen dizkiegu interesa dutenei. Batetik, gai izan behar dute bi osagaidun esaldiak eratzeko (adibidez: ‘nik zuri argazki bat bidali dizut’); eta bestetik, lehenaldian hitz egiteko gauza izan behar dute (adibidez: ‘noiz egon zinen Parisen?’).

Ia dena ikasi daiteke tandem eginez. Gehienek beren hitz-etorria hobetzeko eta beren berbategia zabaltzeko erabiltzen dute. Baina, horrez gain, tandemkidearen kultura ezagutzeko aukera ere eskaintzen du eta, zergatik ez, elkar laguntzeko zailak diren testuak irakurtzen, zuzentzen edo itzultzen.

Tandemak behar bezala funtziona dezan, komeni da txandaka hitz egitea: lehenengo hizkuntza batean eta gero bestean, denbora tarte antzekoa hartuz bientzat. Bestela, gerta daiteke gero eta tarte handiagoa egitea bi solaskideentzat errazena eta erosoena den hizkuntzari, bestea alboratuz. Ez duzu denbora gehiegi behar, gutxienez astean behin elkartzea komeni den arren.

Solaskidea topatzeko, zure herri edo hirian hizkuntzak irakasten dituzten erakundeetara, Unibertsitatera edota kultur etxeetara jo dezakezu eta, hauek ez badute bitartekaritza zerbitzurik eskaintzen, bertako iragarki-tauletan ohar bat edo eskaera bat jartzen egin dezakezu aproba. Hala eta guztiz ere ez bazenu tandemkiderik aurkituko, beti jo dezakezu Internetera (www.palabea.net, www.busuu.com) badaude-eta Sarea erabiltzen duten bikoteak.

Begikotasuna kontuan hartzea ez da nahikoa. Biek partekatu dezakezuen zaletasun bat edukitzea ere aitzakia ona da elkarrekin zerbait egiteko hizkuntzak praktikatzen dituzuen bitartean. Baina, beti ere, ez ahaztu azken hau dela helburu nagusia, hizkuntzaren bat ikasi eta besteren bat irakastea, eta beraz, maila bertsuko kideak elkartzea dela eraginkorrena.

Tandem Fundazioak, orain, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta beste hainbat erakunderen laguntzaz, arabiar – euskara/gaztelera elkartrukeak egiteko bitartekaritza zerbitzua eskaintzen du.