Hizkuntza sarea sortuz

Hizkuntza sarea sortuz https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hizkuntza-sarea-sortuz/@@download/image/20121253461xila_1359969162.jpg
2012/12/05
erreportajea
Hizkuntza sarea sortuz
Lehenengo euskara–finlandiera hiztegia argitaratu du Suomitar Euskal Herria – Finlandia Kultur Elkarteak, eta Durangoko Azokan izango da eskuragai.

Euskal Herrira etorritako finlandiarrek urtero, abendua iristen zenean, elkartu eta beren jaioterriko Pikkujoulu jaia edo Gabon txikiak ospatzen zituzten, tartean Xila Pihlström Helsinkiko alabak. Festa haietan, bi hizkuntzen arteko lotura egingo zuen hiztegia sortzeko beharra ikusi zuten, eta Suomitar Euskal Herria – Finlandia Kultur Elkartea sortu zuten horretarako. 2003an proiektua martxan jarri eta, auzolan gisa, bi taldetan banaturik, zalantzak eztabaidatu eta argitzeko bilkurak adostu zituzten. Taldean euskal eta finlandiar filologo eta itzultzaileak zeuden arren, asmoa ez zen hiztegi akademiko bat sortzea, Finlandiara lanera edota bisitan joaten diren euskaldunentzat eta hona etorritako finlandiarrentzat erabilgarri izango zen gida-liburua egitea baizik.

Eta hala, 8.700 sarrera inguruko hiztegia prestatu dute bederatzi urteko ibilbidean, hizkuntza ahoskatzen laguntzeko argibideak eta esaldi laburrak ere barneratzen dituena, besteren artean. Durangoko Liburu eta Disko Azokan salgai izango da, besteak beste, GAZTEZULOren erakusmahaian. Baina krisi ekonomikoak ere izan du eragina proiektuan, eta argitaletxeen partetik babesik jaso gabe, elkartera kideek egindako ekarpenekin egingo diete aurre inprimaketa gastuak. Inprenta digitalaren bidez, gainera, kostuak murriztu eta hurrengo argitalpenak erraztuko dituzte.

Suomiera edo finlandierak 5,4 milioi hiztun ditu. Euskara bezalaxe, hizkuntza txiki eta ez-indoeuroparra da, eta beste hainbat antzekotasunen arten, atzizkiak erabiltzen dituzte geuk bezala. Elkartera hurbildu da dagoeneko proiektuaren erabilgarritasuna sumatu eta hiztegiari erabilpen teknologikoagoa eman nahi dion enpresaren bat edo beste; hain zuzen, Nokiarentzat –Finlandiako telefono mugikor enpresa erraldoiarentzat– lan egiten duen enpresa batek aplikazioak egiteko baliatu nahi omen du hiztegia.