Hizkiz erotismoa harilkatu

Hizkiz erotismoa harilkatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hizkiz-erotismoa-harilkatu/@@download/image/2011665128ipuin_1361376265.jpg
2011/06/03
erreportajea
Testua: Karmele Arrieta Zuazo
Euskarabila Basauriko Euskaldunon Elkarteak ipuin erotikoen lehiaketa antolatu ohi du urtero. Aurtengoa 16. edizioa izan da eta Karmele Arrieta Zuazori eman berri dio epaimahaiak lehenengo saria. Intentsitatea, ezustea, beroa, sua... literatur pieza labur batean trinkotuta. Hauxe hasiera. Ipuin osoa, gaztezulo.com-en duzu irakurgai. Kateatuko zaitu...

Kea nirekin     
Zuretzat, Mikel edo Markel, kezko nire gizona.
Zurekin hitzek zuten garrantziaz ohartu nintzen. Zurekin sentsazio desberdinak barneratu nituen, usainak, begiradak, hotsak… Zu ikustean, dena zen argia, betea, zerua…

Dena taberna barruetan erre ezin zitekeenaren kontu horrekin hasi zen. Urte berriko lehen egun ilun eta hotzean. Hotza zela-eta inor lagun, atarira atera nintzen zigarroa erretzera. Piztu eta lehen ahokadarekin batera, zu ikusi zintudan, beste aldeko espaloian, banketxearen atarian, erretzen. Traje urdina, alkandora arrosa argia. Gorbata ere halakoxea. Minutuak azkar pasatu ziren. Orduen errutinak irentsi zuen eguna, baita gaua ere.

Lehen argi izpiekin batera lanera sartu nintzen. Logale nintzen. Betiko egunonak eta betiko irribarre behartuek esnatu ninduten. Goizerdian, zigarroaren aitzakiaz, kalera atera nintzen. Bezperakoa ez nuen gogoan, zu ikusi arte: alkandora eta gorbata aldatuta traza berbera zeneukan. Zut, tente, dotore….

Zigarroa piztean (Emazteak oparitutako pizgailua ote? Urregorrizkoa? Zerbait idatzita akaso, maite zaitut 2008-3-24, zure urtebetetzean, bihotzez.), irudiak eta letrak sortzen hasi nintzen ahotik atertzen zitzaizun keak sortzen zituen zurrunbiloez, hodeiez. NOR ZARA?  IZENA?
Eta nik nire keaz erantzuten ahalegindu nintzen. ANE.

Indarrez xurrupatzen nuen zigarroa, bortxaz ke gehiago sortu nahian. Larritu nintzen, ia zorabiatu… Ez zinen, jada, atarian. Ez dakit zerk, zer arrazoik bultzatuta, hurrengo eguna noiz iritsiko zain pasatu nuen arratsaldea… eta gaua. Kezko irudien beharra, lainoen arteko eguzki izpi bakarraren bila.

Goizean, zigarroa erretzeko unea noiz helduko desiratzen egon nintzen. Alde batetik irrika, bestetik lotsa. Inor enteratuko balitz? Ez nion inori erretzera joango nintzela esan. Ez nuen lekukorik nahi. Ni, kea eta zu. Hirurok bat. Hantxe zinen berriro. Trajea aldatuta, gorbata lasaituta. Zigarroa biztu eta eskuko telefonoa atera zenuen (Bai, arratsaldean, 4etan, ongi? edo Ez. Inoiz ere ez. Edo…)

Keak aurreko eguneko elkarrizketa jarraitu zuen: ZURE IZENA? MIKEL edo MARKEL. Hizkiak lekuz aldatu zituen haizeak. Zu biluzten ahalegindu ziren nire begiak. Alkandora askatu nahian, botoiak presioz askatu nahian, eskuak dantzan hasi ziren, piano jotzailea balira, zuriak eta beltzak sakatzen, doinu zerutarrak aireratzen… Beroa sentitu nuen hanketatik igotzen, edozein suhiltzailek amatatu ezingo lukeen sua… Hasperenka hasi nintzen, konturatu gabe. Ahoa ireki eta … Zerbait gertatzen zaizu, andrea? Gazte bat zen. Izerditan zaude. Bost axola zitzaion. Ez, sukarra izango da, gaur halaxe  altxatu naiz. Eskerrik asko. Lotsaz gorritu nintzen. Albo bietara begiratu eta burua makurtu nuen, borreroaren aurrean edozein presok egingo lukeen moduan, eta nire kartzela partikularrera sartu nintzen, lanera.

Bilbo lainopean zegoen hurrengo egunean, 5 gradu besterik ez. Hotza sentitu nuen. Zuk ere berokia jarrita zenuen. Zerua begiratu zenuen elur maluten esperoan. Aingeru zerutarren esperoan, ala nire esperoan? Betiko traza hartu nizun. Eskua poltsikora sartu nuen, txiskeroa behar bainuen hurrengo zigarroa pizteko. Nire gorputza ukitzean, beroa sentitu nuen. Goxo-goxo begiratu zintudan. Kalearen 10 metroko zabalera ez zen oztopo izan zure aurpegia imajinatzeko. Zure eskua ere boltsikora sartu zenuen. Eskuin-ezkerrera begiratu nuen. Ez zen inor. Hormaratu nintzen zorroa aurrean jarrita eta poltsikoaren bazterretik kuleroak laztandu nituen, gora eta behera. Busti nengoen. Baina lekua ez zen aproposena. Zu, ez zinen kalean. Atariko hiru mailak igo eta igogailua bistaratu nuen, nire zain, gure zain. Gora egin nuen. STOP botoia sakatu eta zu ikusi zintudan ispiluan, laino artean, irribarrez… Kezko ANE xuxurlatu zenuen. Ezin nuen gehiago. Sumendia lehertu zen. Atzamarra sartu nuen kulero barrura, busti eta bero, sutan. Ukitu orduko paradisuan nintzen. Bero eta busti. Belaunek indarge sentitu nituen. Ahoa ireki eta atzamarra ahoratu nuen. Ezpainak busti… Zapore gazi-gozo-hezeak hegan eraman ninduen. Bost segundo, 10 akaso, ez dakit. Hilabeteak halakorik sentitzen ez nuela. Behin eta berriro errepikatu nahi nuen. Beste hamar segundo, bat bakarra berdin zen. Begiak itxi eta zu han zinela amestu nuen. Nire lepoa laztantzen, beheraxeago esaten nizun, erregutuz, hitzekin laztanduz. Titi puntak gogortu zitzaizkidan, eta zu biguntzen ahalegintzen, ume jaio berrien antzera esnea edan gurean, esne beroa. Zurea ere sentitu nuen, nire barnean sartzen eta ateratzen, errekastoa zabaltzen nire hanka artean, basoaren heza… Nire kobazuloaren amandrea nintzen eta zu ispiluan, nire basajauna. Eta leherketa, ahoa ireki eta zure izena oihukatu nuen Mikel edo Markel, auskalo. Poltsa lepotik erori zitzaidan. Norbaiten ahotsa: Ba al da hor inor? Ispiluko gizona desagertu zen eta Bai, bai lasai, igogailua geratu egin da. Nola disimulatu jakin gabe, kolonia potea atera eta gorputza busti nuen, eskuak ere bai. Hirugarren solairurako botoia sakatu eta atea ireki zenean dena bere tokian zegoen. Irribarretsu sartu nintzen.

Ondo egiten dizu zigarroa erretzeak. Aurpegia aldatuta zatoz
, Begoren hitzek errealitatera itzularazi ninduten. Irribarrea izan zen nire agurra.

Banekien kea zinela memento horretan, baina kea maite nuen, kalte egingo zidala jakin arren. Elkarrizketa ketuek, hormak belzten diren moduan, nire bihotza ere belzten zuten. Hala ere bizipoza ere baziren: goizero altxatzeko behar nuen pastilla, argia, desioaren dosia …

Emakume, emazte sentiarazten zidaten kezko letrek, nire gorputza ezagutzen, maitatzen. Ohi baino grisago akaso, sua pizten zen nire baitan.

Arratsaldeko bostetan heldu zitzaidan zure mezua: Joku hau utzi behar, ezin atera bulegotik, gero etxean ksk lkr. MZ. Ez zegoen kezko letrarik, ez aitorpen ezkuturik, ez itxaropen keinurik. Berriro errutinan murgiltzeko zure desioa eta beharra, eta nire beldurra…

Zu zinen berriro: haragizko gizona, nire senarra, beti bezala esperientzia berrien eta arriskuen beldur. Baina nik arriskua maite nuen. Baita zigarroa erretzeko aitzakia eta kezko sexua ere. Ez nuen mezua erantzun. Zigarroa eta txiskeroa hartu, eta zigarroa erretzera joan nintzen beste kezko Mikel edo Markel baten bila.