'Hitzaurrea' proiektua hautatu dute Loraldia Sormen Digitala Bekaren bigarren edizioaren irabazle
Euskarazko sorkuntza digitala sustatzea, sortzaile digitalen lana ezagutzera ematea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago egoteko aukera eskaintzea da Loraldiaren Sormen Digitala Bekaren helburua. Irailean egin zen bigarren ediziorako deialdia eta hemeretzi proposamen jaso dituzte. Piszifaktoria Ideien Laborategia eta Fikzio Fabrika taldearen Hitzaurrea proiektuak irabazi du beka. Hamar mila euro jasoko dituzte proiektu digitalaren sorkuntza prozesua gauzatzeko eta berau plazaratzeko.
Irati Agirreazkuenaga, Xabier Landabidea, Eneko Olazabal eta Mikel Ayllon dira egitasmoaren atzean parte diren taldekideak. Bizi dugun garaiaren inguruko hausnarketa egitea da proiektu honen asmoa, "aldaketa digital eta teknologikoen aurrean poszionamendu eraikitzaile bat sortzeko". Teknologia erabiliko da gauzak elkarrekin egin ahal izateko, kalera irteteko, inguru hurbila esploratzeko, tele-jardunerako eta arreta inguru hurbiletik arreta-gune globaletara bideratzeko. "Teknologia gizakiaren protesia da, eta giza-agentziaren luzapen moduan dator planteamendu honetan; ez du gizakia baldintzatzen, areagotu egiten du", azaldu dute.
Mundu digitalean kokatutako istorioa izango da, baina mundu analogikoan barrena eramango du. Istorioaren euskarri nagusia soinua izango da.
Istorioaren atal bakoitzaren amaieran, entzuleak bi aukeraren artean hautatu beharko du. Abiapuntu jakin batetik, bide bat edo beste hartuko du jokalariak bidaia bat sortzeko. Bidaia horretan, etxetik kalera ateratzeko gonbita jasoko du eta jokalaria bere herrian barrena eramango du. Normalean ikusi eta entzundako lekuetara joango dira, baina soinu-fikzioaren geruza erantsiari esker, begi-belarriek beste errealitate bat ikus-entzungo dute.
Datorren urte hasieran hasiko dute sormen prozesua eta hamabi-hamahiru hilabetez arituko dira esperimentazioan eta ikerketan. Emaitza 2025eko martxoan, Loraldia festibalaren 11. edizioan ikusi ahal izango da.
