Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa irailean abiatuko da

Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa irailean abiatuko da Azarora bitarteko iraupena izango du eta Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia izango dira irakasle. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitzaren-eskolaren-laugarren-edizioa-irailean-abiatuko-da/@@download/image/hitzaren eskola 2023 aurkezpena.JPG
2023/06/08
Azarora bitarteko iraupena izango du eta Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia izango dira irakasle.
Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa irailean abiatuko da

Hitzaren Eskola 2019an hasi zuten Azpeitian, Dinamoa sormen gunea ireki zenean, eta orain arte hiru edizio egin dituzte hitzaren bueltan. Hori dela eta, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, aktore eta abarrak eman dituzte eskolak, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta "adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, belaunaldi berriak hitzaren jabe egin nahian". 

Lehen hiru ediziotan sei hilabeteko ikastaroa izan da, sei irakaslerekin, baina hainbatek luzeegia zela adierazi ondoren, laugarren edizioak hiru hilabeteko iraupena izango du, irailetik azarora, eta lau irakasle izango dira. Irakasle bakoitzak beste irakasle gonbidatu bat eramango du. Honako hauek izango dira edizio berriko irakasleak: Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia. Hauen gonbidatuak, berriz, hauek: Ion Celestino, Arantza Santesteban, Maider Oleaga, eta Peru Magdalena.

Laugarren edizioko eskolak irailaren 2an hasi eta azaroaren 18an amaituko dira. 48 orduko ikastaroa izango da guztira, larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara, Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean. Izen-ematea irekita dago uztailaren 7ra arte, eta formularioa bete behar da horretarako. Edozein zalantza izanez gero, dinamoa@kulturaz.eus helbidera idatzi edo 635738760 telefono zenbakira (Xabier Gantzarain) deitzeko jakinarazi dute arduradunek. 

Orain artekoaren memoria
Hirugarren edizioa bukatutakoan, atseden hartu zuten egituraz hausnartzeko, eta baita memoria egiteko ere. Memoria webgunean zintzilikatu dute eta hemen irakur daiteke.