'Hitzaren eskola' hirugarren aldiz antolatu du Dinamoa Sormen Guneak

'Hitzaren eskola' hirugarren aldiz antolatu du Dinamoa Sormen Guneak 2021eko irailetik 2022ko martxora izango dira aurrez aurreko eskolak. Hitza oinarri duten jardueretan aritzen diren sortzaileak izango dira irakasle. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitzaren-eskola-hirugarren-aldiz-antolatu-du-dinamo-sormen-guneak/@@download/image/hitzaren eskola.jpg
2021/05/26

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

2021eko irailetik 2022ko martxora izango dira aurrez aurreko eskolak. Hitza oinarri duten jardueretan aritzen diren sortzaileak izango dira irakasle.
'Hitzaren eskola' hirugarren aldiz antolatu du Dinamoa Sormen Guneak

Hitzak guk uste duguna baino garrantzi handiagoa du, eta hori aintzat hartuta antolatu du Hitzaren Eskola-ren hirugarren edizioa Azpeitiako Dinamoa Sormen Guneak. Hitza bera "ardatzean jarrita" egin nahi dute eskola, "bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin". Horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak izango dituzte eskolak ematen, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko. Euren asmoa "belaunaldi berriak hitzaren jabe egitea da".

Eskolak 2021ko irailetik 2022ko martxora izango dira, asteazken arratsalde eta larunbat goizetan, Azpeitiako Dinamoa Sormen Gunean. 120 orduko ikastaroa izango da guztira eta astean bost ordu jasoko dituzte. Sei irakasle-tutore arituko dira parte-hartzaileekin lanean, bakoitza hilabetez: Amets Arzallus, Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan eta Ula Iruretagoiena. Ikastaldea 12-15 lagunekoa izango da eta "18 urtetik gorakoei eta hitzaren eremuan trebatu eta sakondu nahi dutenei" zuzendua dago. Hilero, azken asteko asteazkenean, hilabete horretako irakasleak hautatutako ekitaldi irekia egingo dute -solasaldia, film emanaldia, kontzertua, hitzaldia, etab.- epe horretan landu duten jardunarekin lotua. 

Izen-ematea ekainaren 17ra arte egongo da zabalik eta parte-hartu nahi dutenek orria bete beharko dute. Ikastaroaren prezioa 375 eurokoa da, langabe eta erretiratuentzat 250.