Hitz Enea erakusketa ikusgai izango da Miarritzen abuztuan

Hitz Enea erakusketa ikusgai izango da Miarritzen abuztuan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hitz-enea-erakusketa-ikusgai-izango-da-miarritzen-abuztuan/@@download/image/iparra_galdu_ga_1373527559.jpg
2013/07/11
berria
Hitz Enea erakusketa ikusgai izango da Miarritzen abuztuan
Urriaren 4tik azaroaren 4ra egingo dituzten Iparra Galdu Gabe jardunaldien aurrekari gisa, Oskar Alegria nafarrak Euskal Herriko etxeen izendegiaren inguruan osatutako argazki erakusketa jarriko dute ikusgai abuztuan Miarritzeko Mediatekan.


Euskal Kultur Erakundearen eta Miarritzeko Mediatekako Euskal Sailaren ekimenez, Oskar Alegriaren Hitz Enea bilduma Miarritzeko Mediatekan izango da abuztuaren 1etik 31ra bitarte. Oikonimia, hau da, etxeen izenak aztertzen dituen zientzia, landu du nafarrak, eta Biarritzetik Altzürüküra, Senperetik Ortzaitzera, herriz herri, bertako baserri eta etxeen izenak bildu ditu argazki bidez.

Izan ere, etxe-izenek mapa zaharrak egiteko balio izan zuten iraganean, oraindik paperezko kartografiarik ez zegoenean. Lanbideak, izengoitiak edota toponimiak erabili izan dira berauek izendatzeko, Arotzena, Haserrenea edota Arrotz bidea kasu, eta gaur egun ere, era abstraktuagoan izan arren, halaxe egiten jarraitzen dugu. Alegria, kazetaria ikasketaz eta bokazioz, euskal kulturaren jatorrietara egin du bidaia.

Iparra Galdu Gabe

Hain zuzen, bi urtean behin Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duten Iparra Galdu Gabe jardunaldien bosgarren edizioaren baitan kokatzen da Hitz Enea erakusketa. Jardunaldiok urriaren 4tik azaroaren 4ra egingo dituzte, eta hitza bera izango dute ardatz.

Besteak beste, Oroitzen naiz dokumentalaren eta Emak Bakia filmen proiekzioak, Hitz-Enea bertso saioa, Bidaso: Biga So! hitzaldi umoretsua eta Ur Apalategi idazlearen mintzaldia barneratuko ditu egitarauak. Helburua, Ipar Euskal Herria Getxoko herritarrei ezagutaraztea da, eta pixkanaka, berau lortzen ari direla azpimarratu dute antolatzaileek.