Historia hurbila lantzeko Tene Mujika bekarako proposamenak abenduaren 11ra arte bidal daitezke
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak XVII. Tene Mujika beka jarri dute martxan, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaldu eta euskal literatura aberasteko asmoz. Azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke, zernahi moldetara ekarriak: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak… Ez da fikziorik onartuko, baina materialaren lanketa literarioa egin ahal izango da, egileak hala nahiko balu. Dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak. Testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa izango dituzte kontuan proiektuak aztertzeko garaian.
Proiektuak abenduaren 11ra arte bidal daitezke artxiboa@deba.eus helbidera. Honako dokumentazioa atxiki beharko da: idazlearen curriculum laburra, argitara emandako lanak aipatuz, eta baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere; idatzi nahi den lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa...; idazlanaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa.
Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Cira Crespo osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2023ko urtarrila amaitu baino lehen. Irabazleak 6.000 euroko beka jasoko du, erdia izendatu bezain laster, eta gainerakoa handik urtebetera, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.

