Hirurogei ekintza baino gehiago prestatu dituzte Emakumeak Zientzian ekimenerako
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izaten da otsailaren 11n, eta horren aitzakian, hogeita hamabi euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuko jarduera-programa antolatzeko. Ekimen honek honako helburu hauek ditu: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.
Hala ere, edizio honen helburu nagusia zientzialari eta teknologoek "bizimodu beteko pertsonak" izan nahi dutela nabarmentzea da, "beren beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak dituztela”. Zientzia eta teknologiaren alorreko zenbait pertsona protagonista dituen kanpaina bat ere jarri dute abian, zientziaz haragoko bizitza ardatz hartuta: "Ez dugu nahi denera iristen den superheroirik, ezta arrakasta lortzeko gainerakoari uko egiten dionik ere. Bizimodu errealak dituzten pertsonak dira, beren karrera profesionalean oreka lortzen saiatzen direnak”, azaldu dute antolatzaileek.
Hirurogei ekintza baino gehiagoko programa osatu dute eta batik bat otsailaren 8tik 16ra bitarteko astean egingo dira. Gainera, lehen aldiz, EAEko hiru lurraldeetan izango dira jarduerak, Gasteizen egingo baitira aurtengo edizioko zenbait ekintza.
Aurrez, ekimena girotze aldera, jai giroko hitzordua egingo dute otsailaren 8an, Donostian. Bertan, kanpainako bideoa aurkeztuko dute, testigantza gehiago partekatuko dira, eta boluntarioak eta erakunde batzuetako ordezkariak elkartuko dira.
Hortik aurrera, adin guztietako jendearentzako jarduerak izango dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Zenbait ikerketa-zentrotan lan egiten duten emakumezko batzuk igoko dira oholtzara, beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handienetako batzuk omentzeko, haien bizitzen eta ekarpen zientifikoen berri emanez.
Ikasleek ikerketa-zentroetara egin ohi dituzten bisitez eta tailerrez gain, Eskolara itzulera jarduera egingo dute aurten ere. Hirurogei emakume ikertzaile baino gehiago joango dira ikastetxeetako ikasgeletara beren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera.
Bestetik, Esperientziaren boterea izeneko ekintzan, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko. Zazpi ikerketa-zentrok beren ateak irekiko dituzte egiten duten ikerketa ezagutarazteko, eta edozein lekutan egiteko moduko zenbait esperimentu labur eta errazen bidez, kultura zientifikoa familietara eta gure inguruneetara zabaltzen saiatuko dira.
Era berean, zientzia eta teknologiaren esparruko kolektiboari zuzendutako mahai-inguruak egingo dira eta baita gazteenentzako mahai-inguruak ere, ekintzailetzan sakontzeko eta emakume ingeniariak ezagutzeko.
Jarduera-programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago eskuragarri, eta irekita dago ekintzetan izena emateko epea.
