Hirugarrenez, badator Kalera Rock!

Hirugarrenez, badator Kalera Rock! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hirugarrenez-badator-kalera-rock/@@download/image/kalera_rock_01_1389778125.jpg
2014/01/15
berria
Hirugarrenez, badator Kalera Rock!
Otsailaren 22an, larunbata, Kalera Rock jaialdiaren hirugarren edizioa egingo dute Durangoko Landako Gunean. Bertan ariko diren hamaika taldeak entzuteko bihar –otsailak 18– bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu GAZTEZULOn. Orain duzu azken aukera!


Beste urte batez, preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzen duen Kalera Rock jaialdia egingo dute otsailean Durangon. Aurreko bi edizioetako arrakasta ikusirik, ekimenari segida eman eta urteroko zita garrantzitsu bilakatu beste erremediorik ez dute izan antolatzaileek, beronen sorburuan dagoen gatazkak amaiera data eskatzen badu ere.

Hala ba, kartel indartsua prestatu dute: Esne Beltzak Gora lan berriko reggae, soul, rock, folk eta kunbia doinuak taularatuko ditu zuzeneko indartsuan, eta Itziarren semeak Mungiako taldeak kontzertuen atsedenaldia etengo du Durangon jotzeko. Reincidentes Sevillarrak, itzuli berri diren Kauta eta Urtz gipuzkoarrak, Madrildik etorritako Boikot, Ibuprofeno eta Hil orduko bizi disko berriak besapean hartuta iritsiko diren Ze Esatek! eta Arkada Sozial, hurrenez hurren, Trikizio folk, rock eta ska taldea, Gose arrasatearrak eta McOnak lekittar seikotea ere ez dira faltako.

Sarrerak salgai jarri dituzte Durangoko Intxaurren, Gasteizko Garraxin, Amurrioko eta Iruñeako herriko tabernetan, Bilboko Errondabiden, eta Galdakao eta Donostiako herriko tabernetan; azken hiruetan, baina, agortu egin dira. Beraz, jaialdira huts egin nahi ez baduzue, adi GAZTEZULOri, datozen egunetan sarrerak martxan jarriko baititugu.

Kanta
Edizio honetako kanta McOnaken eskutik joan da, Xabier Solano, Hodei Beitia eta Sorkun Rubioren laguntzarekin. Usurbilgo Higain estudioan grabatu dute, eta bideoklipa dagoeneko ikusgai da.