'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria

'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria Martxoaren 27an jasoko dute saria eta antzezlana ikusteko aukera izango da ondoren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiru-kortse-azukre-asko-eta-brandy-gehiegi-antzezlanak-irabazi-du-donostia-antzerkia-saria/@@download/image/XXIII. Donostia Antzerki Sariaren aurkezpena. Ezkerretik eskuinera Erika Olaizola, Amancay Gaztañaga, Iraia Elias (1).jpg
2023/02/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Martxoaren 27an jasoko dute saria eta antzezlana ikusteko aukera izango da ondoren.
'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria

Erika Olaizola, Amancay Gaztalaga eta Iraia Eliasek sortu, zuzendu eta antzeztutako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XXIII. Donostia Antzerki Saria. Iaz helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz Donostian eskainitako antzezlanik onena izendatu dute beraz.

Inazio Tolosa (AISGE), Kepa Ugartemendia (Antzerkizalea), Amaia Irazabal (EHAZE), Xanti Agirrezabala (Euskal Aktoreen Batasuna), eta publikoaren ordezkari izan diren Alaitz Tolosa eta Julen Odriozolak osatu dute epaimahaia. Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak ekoiztutako lanaren osotasuna eta kalitatea goraipatu dute, eta balio handia eman diote sorkuntza propioa izateari eta, batez ere, antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari. Hizkuntzaren kalitatea eta antzezleen lana ere nabarmendu dute: "Antzezleek indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta edozein ideia eszeniko taula gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute". Beraien arteko konplizitatea eta dramaturgiaren indarra ere azpimarratu du epaimahaiak.

Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak 12.000 euro eta Ramon Zuriarrain-en artelana jasoko dituzte. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea eskainiko da. Gonbidapenak martxoaren 26an egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.