'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana izango da igandean Donostian

'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana izango da igandean Donostian Komedia eta hausnarketa uztartzen ditu, eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga dira aktoreak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiru-kortse-azukre-asko-eta-brandy-gehiegi-antzezlana-izango-da-igandean-donostian/@@download/image/NESKAK.png
2022/09/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Komedia eta hausnarketa uztartzen ditu, eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga dira aktoreak.
'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana izango da igandean Donostian

Kamikaz Kolektiboak Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lana taularatuko du igandean Donostiako Egia auzoko Gazteszenan. Sortzaileen arabera, komedia garratza da eta hainbat gai jorratzen ditu: fikzioaren eraikuntza, maitasun erromantikoa, ahalduntze prozesuak eta ahizpatasuna. Obraren sorkuntza, zuzendaritza eta antzezpena Erika Olaizolak, Iraia Eliasek eta Amancay Gaztañagak egin dute. 

Izenik gabeko hiru emakume - 1,2,3-, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira askari-mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pasteltxoz betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Hainbat galdera planteatzen dira antzezlanean: "Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?". 

Emanaldia 19:00etan hasiko da eta 70 minutuko iraupena izango du. Sarrerak hemen eskura daitezke.