Hiru antzezlan asteburuan Donostian

Antzerkizaleek badute gozatzeko aukera asteburu honetan Donostian, hiru antzezlan eskainiko baitituzte gaurtik igandera bitartean hiriko hiru gunetan. ATX Teatroaren Lubaki Lainotsua gaur eta bihar izango da ikusgai, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. La Dramatica erranteren Altsasu, larunbatean eta igandean, 19:00etan, eskainiko dute Egiako Gazteszenan. Azkenik, Ados Teatroaren Kopaz Kopa eramango dute oholtzara igandean, 19:30ean, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan.
Lubaki Lainotsua antzezlanean izenik gabeko gerraren lubaki batean bakar-bakarrik dagoen soldadua da protagonista. Beste sasoi bateko gerlaria da, baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina zorrotza dituena. Bat-batean, egun batean, soldaduaren mundua hankaz gora jarriko duen gutuna helduko zaio postari gazte baten eskutik. Gutun horrek bakoitzaren onena eta txarrena azaleratuko ditu: maitasuna, heriotza, beldurrak, gupida, gorrotoa, frustrazioak... Belaunaldien arteko talkaren inguruko antzezlana dela azaldu dute sortzaileek. Javier Barandiaran, Maren Basterretxea eta Miriam K. Martxante dira antzezlaneko aktoreak.
Altsasu, berriz, "justiziaren gorabeherei aurre egin behar dieten gazte batzuen errealitatea" irudikatzen duen antzezlana da. 2016ko urriaren 15ean Altsasuko Koska tabernan herriko hainbat bizilagun eta bi Guardia Zibilen eta hauen bikotekideen artean izandako gertakaritik abiatuta, ondorengo atxiloketa eta epaiketaren ingurukoak kontatzen dira, justiziaren inguruko hausnarketa eginez. Argi utzi nahi izan dutenez, "Altsasuko kasura hurbilketa zorrotza eta zintzoa den arren, fikziozko obra baten aurrean gaude eta, beraz, genero dramatikora egokitzeko lana behar izan du. Hala ere, epaiketako lekukotza batzuen transkripzioak, prentsa-ebakinak, komunikabideak eta sare sozialetako edukiak erabili dira".
Maria Goirizelaia da obraren egile eta zuzendaria, eta Kepa Errastik egin du euskarazko bertsioa. Ane Pikaza, Aitor Borobia, Nagore Gonzalez eta Egoitz Sanchez arituko dira aktore lanetan.
Bestetik, Kopaz Kopa antzezlanean Mikel ezagutuko dugu, gizon pesimista, bananduta dagoena eta deprimituta. Arrakastarik izan ez duen idazlea da eta ardoaren maitale amorratua. Andres, berriz, aktore lanetan porrot egin duen arren, erakargarri sentitzen da eta ezkontzear da. Andresen ezkondu aurreko-agur gisa bidaia bat egitea erabakiko dute bi lagunek. Bidaia horretan, Amaia eta Terrarekin egingo dute topo. Bi emakume hauek ardogintzan adituak dira eta zonaldeko ardotegietan lan egiten dute. Gainera, beraien izaera independiente eta ekintzailearekin Andres eta Mikelen bizitzak hankaz gora jarriko dituzte. Bidaia honek erreakzionatzera bultzatuko ditu eta erabakiak hartzera ere bai, bizitzaren bigarren zatiari aurre egiteko.
RexPicketten Sideways obran oinarrituta dago eta Garbi Losadak eta Jose Antonio Vitoriak egin dute egokitzapena. Ane Labakak ekarri du euskarara eta Losadak berak zuzendu du. Iñigo Aranbarri, Ainara Ortega, Ainhoa Aierbe eta Asier Sota dira antzezleak.
Donostia Kulturaren webgunean eskura daitezke antzezlanetarako sarrerak.