Hiritar Astronomia Topaketa izango da egunotan Donostiako Tabakaleran

Hiritar Astronomia Topaketa izango da egunotan Donostiako Tabakaleran Lantegiak, dibulgazio hitzaldia eta izarrak ikusteko irteera egingo dituzte gaurtik larunbatera bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiritar-astronomia-topaketa-izango-da-egunotan-donostiako-tabakaleran/@@download/image/astronomia.jpg
2022/08/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lantegiak, dibulgazio hitzaldia eta izarrak ikusteko irteera egingo dituzte gaurtik larunbatera bitarte.
Hiritar Astronomia Topaketa izango da egunotan Donostiako Tabakaleran

Urtero bezala, Medialab Tabakalerak Hiritar Astronomia Topaketa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. Seigarren edizio honetan irrati astronomiari eta irrati teleskopioei buruzko lantegia eskainiko da, dibulgazio hitzaldiak izango dira eta topaketa honen jarduera nagusia berreskuratuko da, hau da, ozar-izarrak behatzeko talde irteera.

Gaur, arratsaldeko bostetan, DIY irrati-teleskopioaren inguruko lantegia egingo dute Tabakaleran. Lantegi honetan gaueko zerua behatzeko beste modu batzuk ezagutuko dituzte parte-hartzaileek, horretarako argi ikusgarriaren ordez irrati-uhinak erabiliz. Unibertsotik datozen irrati-emisio guztiak errepasatuko dituzte eta pertseidak atmosferan erretzean islatzen diren irrati-uhinen bidez ikusteko eta entzuteko harrera-sistemak eraiki eta erabiliko dituzte. 

Bihar, 18:00etan, astronomiari buruzko hitzaldia izango da. Hitzaldi honetan efemeride astronomikoen errepasoa egingo dute: udako gauetan ikus daitezkeen konstelazioak ezagutu, planetak, ilargiaren faseak eta, nola ez, Pertseidak. Aranzadi Zientzia elkarteko Virginia Garcia izango da hizlaria, eta baita EHUko irakaslea den Itziar Garate Lopez astrofisikaria ere. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Gauean, berriz, Ulia mendira irteera egingo dute Pertseidak edo San Lorentzoren malkoak ikusteko. Segurtasun neurriak direla eta, parte-hartzaileei begietako estalkia emango diete teleskopioa erabili ahal izateko. Uliako parkingean elkartuko dira, 22:30ean.  Berokia, estera edo esterilla eta, halakorik izanez gero, prismatikoak eramateko gomendioa egin dute. 

Azkenik, larunbatean, 11:00etan, Nork esan du hemen ez dela izarrik ikusten? izeneko lantegia egingo dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kide den Virginia Garciarekin. Konstelazioak zer diren ikasiko dute, planetaren mugimenduei errepaso bat egingo diete zeruan ikusten diren aldaketak hobeto ulertzeko, eta, ikasitakoa praktikan jartzeko, euritako batean planisferioa marraztuko dute.

Irrati teleskopioaren inguruko lantegirako sarrerak hemen eskura daitezke. Larunbateko saiokoak agortuta daude jada.