Hiria kolektiboa: "“Globalizazioarekin, hiriak marka bihurtu dira”"

Hiria kolektiboa: "“Globalizazioarekin, hiriak marka bihurtu dira”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiria-kolektiboa-quotglobalizazioarekin-hiriak-marka-bihurtu-diraquot/@@download/image/20111131346hiri_1361229978.jpg
2011/11/04
elkarrizketa
Testua: Igone Fernandez Argazkiak: Galder Izagirre
Gizartearen errepresentazio gisa ulertzen dituzte hiriak, eta horregatik nahi dituzte espazio publiko anitzagoak, erabilgarriagoak eta parekideagoak. Hiria Kolektiboko Oihane Ruiz bilbotarrarekin eta Koldo Telleria segurarrarekin bildu gara, biak ala biak arkitektoak, egitasmo honen izaera hobexeago ulertzeko.  

Basauriko Hiri Debekatuaren mapa herritarren artean ezagutarazteko eskaera iritsi zitzaienean sortu zitzaizkien lehenengo zalantzak eta kezkak. Tailerren bitartez, emakumeentzat puntu beltzak ziren horien berri eman zieten herriko gazteei eta, bide batez, beste hainbat kontu ere landu zituzten: zerk egiten duen leku bat arriskutsu, zergatik biltzen den jende pila bat plaza batzuetan eta ez beste batzuetan... Esperientzia hartatik ondorio garbia atera zuten; Arkitektura Eskolan jasotako formazioa tekniko eta kontzeptuala ez zitzaiela nahikoa izan erronka hari aurre egiteko, ez zekitelako kasik ezer gizarteaz eta hau osatzen duten pertsonez. 2002 urte hartatik hona, kolektibo gisa antolatuta, bigarren aspektu honetan sakontzera bideratu dituzte euren ahaleginak, eta ekarpen garrantzitsuak egin dituzte, besteak beste, genero, adin eta jasangarritasun parametroak Udalen hirigintza agendetan txertatuta.  

Egun, Bilbon eta Donostian dituzte egoitzak, eta gero eta gehiago, gizarte zientzietatik etorritako profesional-sarearekin konpartitzen dute lana. Koldoren estudiora gonbidatu gaituzte. Apal, plano, karpeta eta ordenagailu arteko oasi txikian hasi gara hizketan, larruzko sofa gorri-beltzetan, eroso.

Hiria kolektiboan hirigintza eredu sozialago eta humanoago baten alde egiten duzue lan. Denok ulertzeko moduan, zer da hirigintza sozialagoa eta humanoagoa?

Koldo: Espazio publikoen antolaketa hiria biziko duten hiritarren beharretatik abiatuta pentsatzea eta egitea da. Ez arkitekto baten estudioko ordenagailu isolatutik ateratako hirigintza, baizik eta parte hartze prozesuen bidez gizarteak adierazitako nahi eta beharretan oinarritutakoa.

Helburuak ez ezik, zuen kasuan jarduna ere aldentzen da ohiko arkitektura lan moldeetatik.

Oihane: Bai. Guk hirigintzan pentsatzen dugunean, eguneroko bizitza ipintzen dugu erdigunean. Etxe bat diseinatzerakoan edo berritzerakoan, bezeroari egiten diozun lehenengo galdera da ea nola bizi duen berak etxea, non ematen duen denbora gehien, non bazkaltzen duten, zenbat diren eta abar. Ia-ia lan antropologikoa egiten dugu ondoren horren arabera espazioak eta argitasuna antolatzeko. Ba, espazio publikoekin, gauza bera egin behar dugu, baina badirudi honetan bezeroak desagertu egiten direla. Ez, hor daude, eta hauen partaidetza eta formazioa bermatu behar ditugu.
K: Zubigintza lana egiten dugu hiritarren eta administrazioaren artean, bi norabideetan. Bestalde, orain arte soilik hiritar mota bat hartu izan da kontuan: lana, dirua, kotxea eta osasuna duen gizonezkoa. Sinplifikatzearren, beste kolektiboengan ez du inork pentsatu. Guk prozesu konplexu eta anitzagoen alde egiten dugu apostu, emaitzak askoz hobeak direlako.

Oraintxe bertan zertan zabiltzate, zer duzue esku artean?

K: Azken aldian formakuntza lanetan gabiltza buru-belarri Udalekin. Genero ikuspegitik hirigintza gaiak nola aztertu jorratzen ari gara batetik; eta bestetik, arau subsidiarioen onarpenean herritarrei hitza emango zaiela bermatu nahi dugu, hauen borondatea hirigintza planetan islatu dadin.
O: Bilbon, bestalde, Abusu izeneko auzoan gabiltza lanean. Zati bat Bilbori dagokio eta bestea Arrigorriagari, baina Udal batek ere ez du auzoa bere osotasunean ulertzen. Horregatik, bizilagunek aurrea hartu diete eta Abusu Sarean izeneko elkartea sortu dute auzoa dinamizatzeko euren beharren defentsan. Herreran ere antzeko zerbaitetan ari gara, Donostiako Udalak San Luis plazaren inguruan hartutako erabakien aurrean alternatibak proposatuz.  

Baduzue eredurik edo erreferenterik?

K: Aztertu izan dugu, adibidez, Vienan aspaldi hainbat emakume arkitektok genero perspektibatik diseinatu zuten auzoa.
O: Eta orain, Vienan ere bai, beste auzune bat antolatu dute laugarren adinekoen –80 urtetik gorakoak– ikuspegitik. Trikimailu errazak baliatuz, zebrabideak diagonalean jarriz edo bidegurutzeetako azalera osoa gurutzagarri bihurtuz edo semaforoen denborak moldatuz adibidez, oinezkoei erabateko lehentasuna eman diete, hiri geldoagoa sustatuz.

Partaidetza hiritarra oso modako kontzeptua da diskurtso politikoetan. Baina, hitzez haratago, udal politika praktikoetan nahikoa egiten al da hau bermatzeko?

K: Denetarik ikusi dugu.
O: Borondate politikoa ere landu beharreko zerbait da. Gure proiektuetan, eta formazio zikloak egiten ditugunean ere bai, saiatzen gara hasiera-hasieratik politikariak eta teknikariak inplikatzen konpromisoak eskatuz. Alegia, formazio horietatik ateratzen diren ondorioei erantzun zehatzak emateko eskatzen diegu.
K: Eta, noski, hiritarren partaidetza ezin da soilik esposizio publikora edo kontsultara mugatu.  

Gazteez eta parte hartzeaz ari bagara, saihestezina da gaztetxeen auzia mahai gainera ekartzea. Zuen ikuskeratik, ze garrantzi aitortzen diezue?

O: Gaztetxeen adibidea ekipamendu eredu garbia da. Hutsik dauden eraikinak berrerabili eta autogestionatzea da, benetako beharrei erantzunez gainera, ez luxuei edo desioei. Kukutzak, adibidez, auzo mailan, hiri mailan eta nazioarte mailan ere egiten zuen lan, erabat irekia zen.
K: Erreferente kultural indartsua zen, auzokoek neurrira artikulatua. Hemen kontua da alde batetik esaten ari zaizkigula hiritarrak mugitu egin behar direla, baina bestetik, administrazioak ez duela onartzen jendea bere kaxara antolatzea. Alegia, mugi zaitezte, baina guk nahi dugun lekuetan eta moduan.
O: Ordenantza zibikoek kalean egin dezakeguna arautzen dute baina, batez ere, zer ezin dugun egin. Kaleko bizitza gero eta urriagoa eta pribatizatuagoa den honetan, ulertezina da instituzio publikoek arau murriztaile hauen alde egitea Kukutza bezalako egitasmoak babestu eta sustatu ordez.

Hau guztia Bilbon, diseinuaren hiriburu izateko bidean denean... Izenak berak zalantzak sortzen dizkit, badirudi hiriaren estetika baloratzen duela praktikotasuna baino gehiago.
K: Bai, globalizazio urte hauetan hiriak kasik marka bihurtu dira. Hemendik gutxira Bilbo-CocaCola edo Beijing-Ruffles hiriez hitz egingo dugu. Arkitekturaren bitartez, irudi bat esportatzen dute, marka komertzial bat dira azken batean. Bilbok Guggenheim saltzen du, Pupi txakurra, eta transformazioa. Baina kanpora, ez herritarrei begira.
Estetikaren eta praktikotasunaren binomio gatazkatsu honetan koka genezake

Calatravaren eta Bilboko Udalaren arteko auzia, adibidez. Epaia zuen esku balego?

O: Diseinua botere demostrazio gisa ulertzera ohituta gaude hemen. Baina Europa iparraldean, oso xumea, apala eta erabilgarria da. Guk ere zentzu berean eboluzioanatu beharko genuke eta pentsatu diseinua lagungarria izan behar zaiola gizarteari, ez dela beste guztiaren gainetik dagoen zerbait.

Gurean, maiz, kanpokoa atontzen da lehenik: aretoak, zentroak, guneak... Eta, ondoren, dirua geratzen bada, edukiz betetzen dira leku hauek. Aldiz, esate baterako Berlinen, kultura modernoaren europar hiriburuan, oso gauza interesgarriak egiten dituzte lau horma zaharren artean bada ere.

K: Hala da, bai. Gutxiagotasun konplexua dago hemen gertatzen denaren atzean. Ez dugu daukaguna baloratzen eta gauza berriak behar ditugu etengabe. Donostian, ikaragarria da, ez dago 20 urte baino gehiago dituen negoziorik. Modernoak izatearren, denak suntsitu eta transformatu ditugu. Suedian, aldiz, edozein aurrezki kutxak ditu 1920ko zoru, ate eta altzari berberak; pixka bat margotu eta kitto. Gure mania honen ondorioz berezko izaera galdu dugu eta sekulako dirutzak xahutu.  

Gaztetxeez hitz egin dugu lehen, baina beste gazte askok nahiago dute koadrilaka lokalak alokatu eta bertan elkartu. Zergatik? Ez dute kalea bere sentitzen?

K: Tira, gazteok beti izan dugu ezkutatzeko beharra –barrez–. Dena ikusi bai, baina inork ez gaitzala ikusi. Hala ere, fenomeno honek gazteen beharrei ez ezik lokalen jabeen beharrei ere erantzuten die. Gero eta saltoki txiki gutxiago dago, gero eta lonja huts gehiago, eta prezioak jaitsi egin dira. Hortaz, nahiko irtenbide zentzuduna edo ulergarria da: nire txokoa daukat lagunekin egoteko, gurasoen kontroletik urrun eta, gainera, autogestionatua.
O: Ikuspegi teorikotik, tristea da egoera, gazteen beharrak merkaturatu direlako; gazteek ordaindu egin behar dutelako espazio bat edukitzearen truke. Askoz aberasgarriagoa da gaztetxe eredua.
K: Inmobiliaria merkatuak berak sortu duen moda bat da, ziur aski.

Eta, botiloiaren debekuaren harira: hain txarra al da kalean edatea?

O: Ez. Berriz ere, harrigarria da administrazioaren jarrera. Gazte hauek kalteren bat eragiten badute ingurukoen artean, konponbideak bilatzeko bitartekoak sortu beharko dira; eta arazoa zikinkeria bada, kontzientziazioa landu beharko da beraiekin. Baina kriminalizazioa da errezeta guztien artean txarrena, justu kontrako efektua lortzen duelako. Gainera, nork esango die kalean ez edateko? Poteatzeko dirua dutenek? Oso hipokrita da, batez ere ez dugulako kasik beste aisialdi eredurik praktikatzen.

Batzuentzat kaleko artea den hori narraskeria da beste batzuentzat. Zein izan daiteke, kasu honetan, elkar ulertzeko formula?

K: Jendeak gero eta gehiago apreziatzen du kaleko artea, egokia denean.
Baina egokitasuna oso labainkorra da.
K: Bai, tira... niri oso arte pieza gutxik molestatzen didate kalean. Adierazpide bat gehiago dira. Autopista bat inauguratu eta lehenengo graffitia agertzen denean poztu egiten naiz. Ahal banu, nik egingo nuke, autopista nahi ote dudan ez didatelako galdetu eta horren aurrean erantzun bat eman nahi dudalako.

Espazio publikoa gizartearen errepresentazioa bada, nola lausotu, adibidez, klase bereizketa?

O: Historikoki, hiru hiri eredu ezagutu ditugu: hiri zaharrak, langile auzoak eta autoeraikuntzak edo txabolismoa. Esparru pribatua zenbat eta indartsuagoa izan, gero eta markatuagoa da bereizketa. Aberatsak osasun etxe jakin batzuetara edo eskola jakin batzuetara joaten dira eta txiroak beste batzuetara; aberatsak modu batean mugitzen dira eta familia langileak beste batean... Aldiz, Estatuak osasuna, hezkuntza, garraioa, kirol ekipamenduak eta ahalik eta eskumen gehien beregain hartzen baditu, izaera publiko horrek elkartzera behartzen gaitu, jendeak modu kolektiboagoan bizitzen ditu espazio publikoak.  
K: Auzo aberatsetan hamar aldiz zabalagoa izan ohi da espazio publikoa, eta askoz handiagoa da hauetan administrazioak espaloiak eta abar zaintzeko egiten duen inbertsioa. Espazio publikoaren kantitateak eta kalitateak lotura zuzena du bizi kalitatearekin, eta azken honek etxebizitzen prezioekin.  

Emakumeon menpekotasuna ere islatzen da kaleetan, txoko asko
 arriskutsuak dira guretzat. Hauek puntu beltzen mapetan islatu dituzue, Udalek neurriak har ditzaten. Ze ezaugarri biltzen dituzte leku hauek?
K: Gehienetan arriskuak ez du lotura zuzena izaten aspektu fisikoarekin, iluntasunarekin eta abar... baizik eta bertan dagoen edo ez dagoen jendearekin eta leku horri ematen zaion erabilerarekin. Kalerik itsusiena eta ilunena seguruena izan daiteke zure jendea bertan badago.
Ez duzue pentsatu puntu beltzen mapa hauek are bakartiago bihur ditzaketela leku horiek? Arriskutsua dela jakinda, emakume bakar bat ere ez da ausartuko hortik pasatzera...
O: Izan ditugu zalantzak, bai, baina iruditzen zait errealitate bat plazaratu eta publiko egitea sekula ez dela txarra, batez ere kontuan hartuta emakumeok oso gutxi hitz egiten dugula gure beldurrez. Edozein kasutan, mapa hauek hiru ekarpen garrantzitsu egin dituzte: batetik, genero perspektibaren eta hirigintzaren arteko lotura ekarri dute mahai gainera, eta argi geratu da orain arte gizon eredu jakin baten neurrira egin direla hiriak. Bigarrenik, emakumeok gizonezkoena omen zen ardura batean hartu dugu parte. Eta hirugarrenik, eztabaida publikoa sortu da beldurren inguruan. Izan ere, hiritar batzuk ikara sentitzen badugu, ez da hiria bera desegokia delako, baizik eta gizarte ereduak eta heziketak huts egin dutelako.
K: Beldur hauen berri izateak jende zentzudun askori txipa aldarazi diezaioke gainera. Eta horrek jarrera aldaketa dakar.

Azkenik, jasangarritasunaren kontua ukitu nahiko nuke. Egun diseinatzen diren etxeek gutxieneko autonomia energetikoa behar dute, ezta?

K: Hori hein batean dago legez arautua: isolamendua eta aireztatzea adibidez bai, eta ur beroaren eta kalefakzioaren %30 ere energia alternatibo bidez lortu behar da, arkitektoak behartuta gaude.
O: Dena dela, hau guztia oso hipokrita da, bagenuen ondarea eraisten ari baikara etxe berriak eraikitzeko. Nahiz eta eraikin berri hauek oso autonomoak izan, energia eta material pila xahutzen ari gara aurrez bageneukana aprobetxatu ordez; ez dago ezer hori baino antiekologikoagoa. Alegia, helburua edo emaitza koherentea da printzipio ekologikoekiko, baina prozesua erabat inkoherentea da.
K: Jasangarritasunaz ari bagara, aspektu asko hartu behar ditugu kontuan. Ez du balio 20 lagunentzako bloke izugarri jasangarria egiteak mendi puntan, baldin eta denek kotxea erabili beharko badute egunero sartu eta irteteko, adibidez.
O: Materialen kontua ere garrantzitsua da. Esate baterako, plaka jakin batzuk Alemaniatik ekartzen diru gehiago xahutu dezakezu gero aurreztuko duzuna baino. Edo, marmola Txinatik ekartzea ere ez da normala, ez delako normala Txinakoa merkeagoa izatea Portugalekoa edo Galiziakoa baino, hor zer edo zerk huts egiten du... Baina gu ari gara, belaunaldi berria, eztabaida hauek guztiak planteatzen; orain arte... Jasangarritasun parametroak beharrezkoak dira, noski, baina ezin ditugu bidean beste printzipio asko ahaztu.

Nola ikusten duzue atez ateko zabor bilketa sistema?

K: Oso eraginkorra da hiritarron inplikazioa eskatzen duen heinean kontzientziazioa dakarrelako, eta horrek gure kontsumo ohituren inguruan hausnartzera behartzen gaituelako. Aurrerantzean, erosten dugunean, produktuek dakartzaten bilgarriak ere hartuko ditugu kontuan, zenbat hondakin sortzen duten.
O: Gainera, planeta kolapso egoeratik gertu dago, inplikazioa ezinbestekoa da! Datozen belaunaldiei oinordetzan utziko diegun planeta bezain garrantzitsua da utziko diegun gizarte edo jende mota.