Hiria, dantza eta bideoa uztartzen dituen jaialdia: Lekuz Leku

Hiria, dantza eta bideoa uztartzen dituen jaialdia: Lekuz Leku https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiria-dantza-eta-bideoa-uztartzen-dituen-jaialdia-lekuz-leku/@@download/image/lekuz_leku_1_1371651796.jpg
2013/06/20
berria
Ekainaren 28an eta 29an dantza izango da nagusi Bilboko Abandoibarrako pasealekuan, izan ere, iluntzeko 19:30etatik aurrera, dantza garaikidearen emanaldiak, bideo proiekzioak eta tailerrak egingo dituzte Lekuz Leku jaialdiaren IX. Edizioaren baitan.


Dantza garaikidearen aldaera anitzak hiriko espazio publikoetara eramateko eta mota guztietako ikusleei doan eskaintzeko asmoz jarri zuten abian orain bederatzi urte Lekuz Leku jaialdia, eta beste urte batez, bertako nahiz nazioarteko konpainiak bilduko dituzte Bilboko Abandoibarra pasealekuan ikuskizun paregabeak eskaintzeko asmoz.

Hilaren 28an eta 29an izango da hori, ostirala eta larunbata, eta 19:30ean emango diete hasiera emanaldiei. Pasealekuko eremu bakoitzean ikuskizun ezberdin bat aurkeztuko dute 22:00ak bitartean, eta gainera, dantza tailerrak eta hainbat jaialditako bideoen proiekzioak ere egingo dituzte.

Elkargunea
Halaber, emanaldien ostean, artistekin hitz egin eta gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera izango da bi egunetan Guggenheim Museoaren kanpo aldean dagoen Kiosko kafetegiaren alboan. Hiritarrek diziplina artistiko honetara hurbiltzeko eta lehen frogak egiteko aukera izango dute, horixe baita jaialdiaren helburua: koreografia-lanak hiriko guneetara eramatea eta bertatik igarotzen diren herritarrei eskaintzea.

Mexikotik etorritako artistak, Madrildik hurbildutakoak, Zaragozakoak… eta baita euskaldunak ere beren dohainak ikusaraziko dituzte kaleko eszenatoki inprobisatuetan. Ez aukera galdu!

Egitaraua


Ekainak 28, ostirala
19:30ean Mexikoko Moving Borders konpainiaren eskutik, Nosotros ikusikzuna Guggenheim museoaren inguruan.

20:00etan Carmen Wernerren Provisional Danza konpainia madrildarrak Pets ikuskizuna aurkeztuko du Farola inguruan.

20:30ean Madrilgo Sharon Fridman konpainiaren Hasta donde…? emankizuna Kaian.

21:00etan Deabru Beltzak konpainia bilbotarraren Drumbreak ikuskizuna Guggenheim museoaren inguruan.

22:00etan Elkargunea Kiosko kafetegiaren alboan


Ekainak 29, larunbata
19:30ean Olatz De Andres artista bilbotarraren Privolva landin ikuskizuna Guggenheim museoaren inguruan.

20:00etan Iruñeako Team Rockers Crew taldearen Bboying tailerra Guggenheim museoaren alboan.

20:30ean Zaragozako Proyecto D_Ruses taldearen 5 lana Aita Arrupe igarobidearen inguruan.

21:00etan Alegiako Ertza Dantza konpainiaren Adios a los que os habeis ido ikuskizuna Kaian.

21:30ean Iruñeako Team Rockers Crew taldearen ikuskizuna, Breakdance 2 izenekoa, Guggenheim museoaren alboan.

22:00etan Elkargunea berriz ere Kiosko kafetegiaren alboan.