Hip hop estiloko emakume musikariak protagonista dituen Bazter Fest jaialdia larunbatean izango da

Hip hop estiloko emakume musikariak protagonista dituen Bazter Fest jaialdia larunbatean izango da Aiala Dot, Fani, Prichia eta Suzanna izango dira jaialdian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hip-hop-estiloko-emakume-musikariak-protagonista-dituen-bazter-fest-jaialdia-larunbatean-izango-da/@@download/image/bfa.png
2022/11/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Aiala Dot, Fani, Prichia eta Suzanna izango dira jaialdian.
Hip hop estiloko emakume musikariak protagonista dituen Bazter Fest jaialdia larunbatean izango da

Bazter Fest jaialdiaren zortzigarren edizioa egingo dute larunbatean, 20:00etan, Bilborocken. Euskal Herriko artisten emanaldiak zein Katalunia eta Frantziakoenak izango dira, batzuk euren ibilbidean hasiera aldean daudenak eta beste batzuk jardun luzeagoa egindakoak. Euren lana eta esperientzia musikala ezagutarazi eta emakumezko artisten erreferentziak zabaltzea da asmoa, hip hop musikaren inguruan gizonezkoak baitira gehienak. 

La Basuk aurkeztuko du jardunaldia eta lau musikari izango ditu alboan. Laudioko Aiala Dot artista izango da horietako bat. Reggae doinuekin hasi zen musika munduan, kontzertuak eskainiz eta Sound System jaialdietan parte hartuz. Ibilbidean aurrera egin ahala, soinu ezberdinekin jolasean ibili da eta beste estiloetara zabaldu du bere musika. 

Donostiako Fani konposatzaileak ere parte hartuko du. Hamar urte baino gehiago daramatza erritmoei hitzak eransten eta kontzertuak ematen, Nizuri Tazuneri taldeko kide izanda. Fanik bi ama hizkuntza ditu, eta biak nahasten ditu konposatzeko orduan, eta eragin eta estilo ugari jorratzen ditu.

Frantziako Prichia beatboxer, egile eta konpositore frantses-portugaldarra ere izango da. Errebelazio handia izan da Frantziako azken beatbox lehiaketetan; izan ere, 2019an historia egin zuen, eta Frantzian lehiaketa misto bat irabazi zuen lehen emakumea izan zen. Gaur egun, 2020ko Frantziako Txapeldun titulua du bakarlari kategorian. Second Breath izeneko lana kaleratu du. 

Azkenik, Kataluniako L'Hospitalet de Llobregateko Suzanna abeslari, gitarrista, ekoizle eta konpositorea igoko da oholtzara, bere taldearekin batera. Bere bakarkako lehenbiziko diskoa, Soulfyah,  argitaratu zuen 2019an, eta bigarrena hilabete honetan aterako du, hainbat kolaboraziorekin.