'Hiltzaile batekin ezkondu behar al nuke?': poliziari bikotekideak gauzatutako krimena ikertzen lagundu zion emakumearen inguruko dokuseriea

'Hiltzaile batekin ezkondu behar al nuke?': poliziari bikotekideak gauzatutako krimena ikertzen lagundu zion emakumearen inguruko dokuseriea Bikotekideak egindakoaren berri izan zuenean, poliziari jakinarazi eta haiekin kolaboratu zuen plantak egiten jarraituz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hiltzaile-batekin-ezkondu-behar-al-nuke-poliziari-bikotekideak-gauzatutako-krimena-ikertzen-lagundu-zion-emakumearen-inguruko-dokuseriea/@@download/image/HHbpj-fXQAAsF3h.jpg
2026/05/11

Testua: Maitane Legarreta

Bikotekideak egindakoaren berri izan zuenean, poliziari jakinarazi eta haiekin kolaboratu zuen plantak egiten jarraituz.
'Hiltzaile batekin ezkondu behar al nuke?': poliziari bikotekideak gauzatutako krimena ikertzen lagundu zion emakumearen inguruko dokuseriea

Netflixek Should I marry a murderer ('Hiltzaile batekin ezkondu behar al nuke?) dokuseriea plazaratu du, eta bertan Caroline Muirhead patologo eskoziarrak bizitakoa kontatzen da. Alexander McKellar izeneko gizon bat ezagutu zuen 2020an, Tinder bidez, eta intentsitate handiko harreman batean murgildu ziren biak. Denbora gutxira, ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Geroago, bikotekideak egindako zerbaiten berri izan zuen emakumeak, eta erabat aldatu zen egoera.

Ezkontzeko erabakia hartu eta gutxira, Muirheadek McKellarri galdetu zion ea iraganean egindako zerbaitek haien etorkizunean eraginik izan zezakeen. Orduan honakoa aitortu zion: txirrindulari bat hil zuen urte batzuk lehenago. 2017an, Tony Parsons izeneko 63 urteko txirrindularia harrapatu zuen autoan anaiarekin zihoala, eta ez zuen osasun langileen laguntzarik eskatu. Bertatik alde egin, eta berriz itzuli ziren beste auto batean, ordurako hilik zegoen txirrindulariaren gorpua jaso eta lurperatzeko.

Muirheadek ataka estuan ikusi zuen bere burua, eta erabaki bat hartu beharra zeukan: bikotekideari leial izan ala zerbait egin jakin zuena jakin eta gero. Poliziara jo eta salatzea erabaki zuen, baina ez hori bakarrik. Harremana eten beharrean, aurrera jarraitu zuen, plantak eginez, eta bien bitartean, poliziarengana jotzen zuen ezkutuan, ikerketan laguntze aldera.

2020an atxilotu zituzten bi anaiak, eta fidantzapean aske utzi zituzten, epaiketaren zain. Muirheadek ez zuen halakorik espero, eta itxurak egiten jarraitu behar izan zuen 2023an zigorra jarri zieten arte. Denbora-tarte horretan, Muirheadek telefonoan gorde zituen bikotekideak aitortutako gauzen grabazioak. Gorpua lurperatu zuten tokian izan zen bikotea, eta Red Bull lata bat utzi zuen bertan emakumeak, arrasto modura, poliziak gorpua non bilatu jakin zezan. Hark azaldu duenez, bakarrik sentitu zen prozesu guztian, eta alkohol eta drogetara jo zuen egoerari aurre egiteko.

Horretaz gain, Muirheadek hainbat salaketa ere egin zituen Eskoziako poliziaren aurka, babes egokirik ez ziotela eman eta. Bost urtetako ikerketaren ondoren, gehienak ez zituzten onartu eta poliziak babes egokia eman ziola nabarmendu izan du. Muirheaden hitzetan, "sistemak lagunduko zidala eta garairik zaurgarrienean babestuko ninduela uste nuen, baina nire esperientzia ez zen halakoa izan. Kontu hauei buruz hitz egiteak biktima eta lekukoentzako babes handiagoa izatearen inguruko hausnarketa bultzatzea espero dut. Osasun mentalaren inguruko ulermen sakonagoa behar da poliziaren eta sistema judizialaren baitan". 

Auziaren ebazpen judiziala 2023an iritsi zen: hilketa eta estalketa karguak onartu osteanAlexander McKellarri 12 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta bere anaiari, berriz, bost urte eta hiru hilabetekoa.

Honek jakin-mina piztu badizu, dokuserie honetaz gain, BBCk egindako Murder Case: The Vanishing Cyclist dokuseriea ere ikus dezakezu.