Hilekorik ez itxialdian

Hilekorik ez itxialdian Emakume askorentzat hilekoa ez da ohikoa izan pandemiaren ondorioz; hauek dira arrazoiak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hilekorik-ez-itxialdian/@@download/image/why-anxiety-spikes-with-your-periods-722x406.jpg
2020/06/11
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Emakume askorentzat hilekoa ez da ohikoa izan pandemiaren ondorioz; hauek dira arrazoiak.
Hilekorik ez itxialdian

Hilabeteotan hilekoa atzeratu edo etorri ez bazaizu, edota ohi baino mingarriagoa eta odoltsuagoa izan bada, lasai, ez zara bakarra izan. Koronabirusak eragin sakona izan du guztiongan, eta noski, gure gorputzak ere sumatu du. Beldurrak, haserreak, ezinegonak eta tristurak eragin zuzena dute gure osasunean, eta besteak beste, hormonen joera aldatu dezakete.

Gauzak horrela, emakumeok lau ziklo igaro ditugu alarma estatuan, eta askorentzat ez dira ohiko zikloak izan. Mina, hileko odoltsuak edo kontran ia odolik gabekoak, buruko mina, nekea... guzti hori, gure inguruak eta errealitate berri honek eragin dute. 

Arrazoi nagusia gure gorputzeko prozesu neuronalen eta hormonen arteko lotura sakona da; horregatik, egoera zailetan edo estresa jasaten dugunean, hilekoa ez da ohikoa izaten. Hori da, hain zuzen, konfinamenduan gertatu zaiguna; estres egoera baten erdian, gure hormonek nabaritu dutela gure ezinegona.

Inguruneak ere eragin zuzena du hilekoan, eta sedentarismoak, loaren aldaketak edota elikadura aldaketek ere eragina izan dezakete. Gainera, estresak eta aldaketek obulazioa ekidin dezakete, eta beraz, haurdunaldia espero dutenek itxaron egin beharko dute ziurrenik.

Eta nola itzuli gaitezke normaltasunera? Esatea egitea baino errazagoa den arren, estresa uxatzea gakoa izan daiteke. Oporraldi lasai bat hartu azken hilabeteetako egoera apur bat ahazteko, ondo jan, ur asko edan eta kirol apur bat egin... eta noski lagunen eta gertukoen konpainiaz gozatu!