Hilekorako produktuen doakotasuna bultzatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Hilekorako produktuen doakotasuna bultzatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari Aste honetan onartu dute Eusko Legebiltzarrean hilekorako produktu higienikoen inguruko eskaera. Honelako produktuen gaintasaren eragina aztertzeko ere eskatu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hilekorako-produktuen-doakotasuna-bultzatzeko-eskatu-diote-eusko-jaurlaritzari/@@download/image/hilerokoa.jpg
2021/06/04

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Aste honetan onartu dute Eusko Legebiltzarrean hilekorako produktu higienikoen inguruko eskaera. Honelako produktuen gaintasaren eragina aztertzeko ere eskatu dute.
Hilekorako produktuen doakotasuna bultzatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Eusko Legebiltzarrak hilekorako produktuak merkeago edo doakoak izatea eskatzen duten ekimenak bultzatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, hala nola, salgai horiei BEZ supermurriztua ipintzea edo doan izatea. Elkarrekin Podemos-IUk  Pobrezia menstruala deituriko legez besteko proposamena eraman du aste honetako osoko bilkurara, behingoz arazo honi heltzeko asmoz. Gasteizko Legebiltzarrak testua onartu du EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos- IU eta PP+Cs-en aldeko botoekin. Vox-eko legebiltzarkideak eman zuen aurkako boto bakarra. 

Honetaz gain, hilekoaren produktuen gaineko kargak, tasa arrosa izendatuak, duen irismenari eta eraginari buruzko txostena egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatuz tasa hori ezabatzeko ezar daitezkeen jarduera politiko eta instituzionalak zehazteko. 

Legebiltzarrak hilekoaren osasunari eta higieneari buruzko azterketa espezifikoa egiteko galdegin dio Lakuako Gobernuari, Emakunde eta gainerako eragile eta adituekin batera. Azterketa honen bidez, hilekoaren pobrezia eta emakumeen bizitzan duen eragina zehazten duten faktoreak zeintzuk diren jakin nahi dute. Gainera, sexu-hezkuntza integrala sustatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko neurriak zehazteko exijitu dute,  baita gorputz-autonomia eta sexu- eta ugalketa-eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko neurriak bultzatzea ere.

Hilekorako produktuak doan Iparraldeko unibertsitateetan
Datorren ikasturtetik aurrera Ipar Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleek hilekorako ekoizkin higienikoak doan izango dituztela iragarri zuen Frederique Vidal Frantziako Goi Irakaskuntza eta Berrikuntza ministroak joan den otsailean. Produktu horiek banatzen dituzten makinak jarriko dituzte unibertsitateko ikasle egoitzetan eta osasun zerbitzuetan. 

Zeelanda Berriak ere hilabete honetatik aurrera doan banatuko ditu produktu hauek ikastetxeetan.

Eskozia aitzindari
Eskoziako Parlamentuak aho batez onartu zuen pasa den azaroan hilekoari lotutako produktuak doan izatea. Erabaki hori hartu duen lehen herrialdea izan da. Horrelako produktuak eskola eta unibertsitateetan doan jartzen ere aurrenekoak izan ziren.