Hilario Bravo artistaren 'Xaman baten egunerokoa' erakusketa jarri dute Donostiako Okendo Kultur Etxean
Hilario Bravok (Caceres, Espainia, 1955) Gipuzkoako Artisten Elkartean egin zuen lehen banakako erakusketaren 50. urteurrena beteko da aurten eta, horren aitzakian, haren erakusketa antolatu du Okendo Kultur Etxeak. Autorearen nahia bere ondarea Donostiako arte-munduarekin eta, oro har, gizartearekin partekatzea da, bere ibilbideko lehen urratsak Donostian egin baitzituen, eta han garatu baitzuen bere prestakuntza autodidakta, arte kontzeptualarekin eta ekintza-artearekin lotutako Donostiako zirkulu artistikoen barnean, 1972tik 1987ra bitarte.
Erakusketaren izenburua Xaman baten egunerokoa da. Izan ere, 'egunerokoa' hitzak denbora-segida bat ematen dio ekitaldiari, eta, era berean, egilearen ibilbideko hainbat garai lotzen ditu. Dokumentazio-lan handiaren bidez, artistaren gaur arteko jardun guztia biltzen du, egileak artea sortzeko darabilen "forma xamanikoa, sendatzailea eta gogoetan oinarritua" erakusteko.

Bildumak Hilario Bravok garatutako formen eta kontzeptuen bilakaera erakusten du. Adituen iritziz, "kontzeptu horiek antzinako sinbologiaren eta mitologiaren, militantzia poetikoaren eta malenkoniaren edertasunaren artean garatzen ditu, meditazioaren eta emozioaren artean, eta guztiak gorpuztu dira pinturetan, marrazkietan, eskulturetan, argazkietan, fotomuntatzeetan, artista-liburuetan, dokumentazioan eta beste formatu batzuetan".
Erakusketa ekainaren 24ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, eta larunbat eta zubietan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Bihar, maiatzaren 24an, Hilario Bravoren bisita gidatua izango da, 19:30ean, gaztelaniaz.
