Hilabete amaieran egingo dute Anizatsunaren Asteburua

Hilabete amaieran egingo dute Anizatsunaren Asteburua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hilabete-amaieran-egingo-dute-anizatsunaren-asteburua/@@download/image/kartela_11kolor_1400138922.jpg
2014/05/15
berria
Hilabete amaieran egingo dute Anizatsunaren Asteburua
Euskal Herria 11 Kolore ekimenak Donostiako erdialdea zeharkatu zuen 11Danbor Martxa antolatu zuen iaz aurrenekoz, euskal herriko kultur eta jatorri aniztasuna aldarrikatu asmoz, eta harrera ona ikusirik, maiatzaren 31a eta ekainaren 1 Aniztasunaren Asteburua ospatzeko baliatuko dituzte aurtengoan.


Eskubide berak, betebehar berak, aukera berak lemapean, Aniztasun Asteburua egingo dute hilabete amaieran Donostian. Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioaren, Donostia 2016ren, Donostiako Udalaren, Alde Zaharreko ostalarien eta Donostiako Piraten laguntzarekin, EH 11Kolorek antolatutako ekimena zabaldu egingo dute aurtengoan, eta danbor martxatik haratago, kontzertuak, antzerkia, folklore dantzak eta beste sukaldaritzetan oinarritutako pintxo dastagarriak barneratuko ditu egitarauak.

Larunbatean bertan, Sardina Freskua haurrentzako antzezlanarekin inauguratuko dute ekimena, eta arratsaldean 11Danbor Martxa erraldoia abiatuko dute 17:30ean Alderdi Ederretik. Txupinazoaren ostean, iaz Oreka TX taldeak martxarako propio sortutako Atanbora kanta eskainiko du zuzenean, eta Donostiako Piraten Burubeltz konpartsaren animazioarekin, hiriaren erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte. Alderdi Ederrera egingo dute itzulera, eta Lekeitioko Deabruen suzko ikuskizunaren amaituko dute danbor festa.

Igandean, berriz, Errioxa, Gaztela, Andaluzia, Extremadura, Aragoi eta Galiziatik etorritako folklore taldeek emanaldiak eskainiko dituzte 11:30-14:30 eta 18:00-21:00 bitartean Konstituzio plazan. Egun osoan zehar jatorri ezberdineko produktuak erosteko aukera izango da plazan bertan jarriko dituzten zortzi txosnetan, eta asteburu osoan zehar Txile, Mexiko, Galizia, Katalunia, Eskozia, Irlanda, Palestina, Maroko, Txina, Kolonbia eta Errioxako sukaldaritzetan oinarritutako pintxoak probatu ahal izango dira Alde Zaharreko tabernetan, prezio herrikoiean.