Hilabete amaieran abiatuko dute Literatura Eskolaren ikasturte berria

Hilabete amaieran abiatuko dute Literatura Eskolaren ikasturte berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hilabete-amaieran-abiatuko-dute-literatura-eskolaren-ikasturte-berria/@@download/image/201210193222literatura_eskola.jpg
2012/12/13
berria
Beste urte batez, abian da Literatura Eskola, literaturzaleei zuzenduriko ikastaroa. Urriaren 27an hasi eta datorren maiatzera bitarte, hilabetean behin leku ezberdin batean bilduko dira parte hartzaileak, eta dinamizatzaileen laguntzaz euskal literaturako testuak aztertuko dituzte. Izena emateko epea zabalik da, eta urte osoko matrikula 20 euroren truke egin ahal izango duzu. Animatu!

Datorren larunbatean, urriak 27, Hendaiako Xaia ostatuan emango diete hasiera Literatur Eskolako 2012-2013 ikasturteari. Aiora Jakaren laguntzarekin, Joseba Sarrionandiaren itzulpenak aztertuko dituzte parte hartzaileek.

Lehenengoaren ostean, hilean behin bilduko dira, larunbatetan goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean. Eskola bakoitza, leku konkretu batean emango dute, eta moderatzailea ere ezberdina izango da.

Matrikulatu nahi baduzu, bizkor ibili behar duzu. eskola@literatureskola.com helbidera idatzi behar duzu, eta 20 euroko matrikula ordaindu. Saio bakarrera joateko kuota, aldiz, 10 eurokoa da. Hori bai, matrikuletatik bildutako dirua hizlariei prestaketa eta eskola lanak eskertzeko, eta era berean, fotokopiak ordaintzeko erabiliko dute.

Ez duzu zertan aditua izan behar; literatura gustatzen bazaizu, hau da zure txokoa.

Egutegi osoa


Urriaren 27an, Hendian
Joseba Sarrionandiaren itzulpenak. Aiora Jaka.

Azaroaren 17an, Donostian
Txillardegi. Markos Zapian.

Abenduaren 15ean, Oreretan
Euskal itzultzaile aitzindariak.

Urtarrilaren 19an, Zarautzen
Gure literatura erdaretan. Elizabete Manterola.

Otsailaren 16an, Gasteizen
Katalina Eleizegi eta Katalina Erauso: genero eta nazio identitateak euskal antzerki modernoan. Amaia Alvarez Uria.

Martxoaren 16an, Durangon
Sorterritik urrun. Migrazioa euskal literaturan. Gotzon Barandiaran.

Apirilaren 20an, Iruñean

Amaia Ezpeldoi. Iratxe Retolaza.

Maiatzaren 25ean, Bilbon
John Cheever. Harkaitz Cano.