Hika Teatroak ‘Tarara’ antzezlana aurkeztuko du Arriaga antzokian

Hika Teatroak ‘Tarara’ antzezlana aurkeztuko du Arriaga antzokian Hainbat umeren istorioa jaso dute obran, desberdintasuna, adiskidetasuna eta barkamena gaitzat dituena. Gaur eskainiko dute euskarazko bertsioa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/hika-teatroak-2018tarara2019-antzezlana-aurkeztuko-du-arriaga-antzokian/@@download/image/tarara_7.jpg
2022/01/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hainbat umeren istorioa jaso dute obran, desberdintasuna, adiskidetasuna eta barkamena gaitzat dituena. Gaur eskainiko dute euskarazko bertsioa.
Hika Teatroak ‘Tarara’ antzezlana aurkeztuko du Arriaga antzokian

“Thriller bokazioa eta poesiaren dardara” duen Tarara antzezlana eskainiko du Hika Teatroak egunotan. Gaur, 19:30ean, euskarazko emanaldia izango da eta, bihar eta etzi, gaztelaniazkoak.

Sortzaileek azaldu dutenez, “inoiz kontatu gabeko hainbat eta hainbat umeren historia da Tarara; erraietarainoko bidaia iniziatikoa, adikzio-sortzailea. Barkamenari buruzko ipuina ere bada, desberdintasunari kantatua, Txanogorritxuk otsoei biolina jotzea lortzen duenean”.

Honela azaldu dute antzezlanaren nondik norakoa: “SanFran auzoan hazi da Rosa, biolin-jotzaile gaztetxoa, Liszt eta zendutako beste hainbat musikagile ikusteko ahalmena duena. Tarara, gaueko lanetan aritzen den emakume prostituta, du lagun mamuen aurkako borrokan. Rosa heldua eta Rosa neskatoa txandakatuz doaz susmo hutsa den sekretuen inguruan hegan dabiltzan oroitzapenen joan-etorrian. Tiradera batean agertutako maitasun karta batzuei esker azaleratuko da musikaz eta edertasunez betetako umearen memoria hautsia, ordura arte izuari zirrikiturik utzi gabea”.

Josi Alvarado da obraren egilea eta 2019ko SGAEren Ana Diosdado I. antzerki-saria irabazi zuen. “Sentsibilitate eta dotorezia handiko” testutzat jo dute, “idatzita dagoena baino gehiago adierazteko gai dena, emozioa darien isiluneen bidez musika transmititzeko gai dena”. Arantxa Iturbek itzuli du testua euskarara, eta Agurtzane Intxaurraga arduratu da zuzendaritzaz eta dramaturgiaz. Euskarazko emanaldietan Eneritz Artetxe, Kepa Errasti, Tania Fornieles, Jurdana Ochoa, Jose Cruz Gurrutxaga eta Adrian Garcia de los Ojos arituko dira oholtzan aktore lanetan. Gaztelaniazkoan, berriz, Itziar Ituño eta Sandra Ferrusek hartuko dute Artetxe eta Fornielesen tokia.

95 minutuko iraupena du antzezlanak eta sarrerak hemen eskura daitezke.