Hi(ZKI)bridoak, literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioen zikloa

Bilboko Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren bigarren edizioa antolatu dute eta bost ekitaldi izango dira irailetik abendura bitarte. Literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak, letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak izango dira.
Egitaraua irailaren 23an jarriko dute martxan oMorruMU baMat ikuskizunarekin. Joxean Artzeri omenaldia egiteko asmoz sortu zuten IbonRG eta Enrike Hurtadok 2018an. Artzeren hainbat olerki abiapuntu hartuta egindako kantuak software esperimentalekin uztartu dituzte. Txalaparta, pianoa, ahotsa eta bestelako soinuak nahastuko dituzte.
Urriaren 7an Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburuan oinarritutako literatur bertso-saioa izango da. Alberdik jarriko dizkie gaiak Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, Aitor Nova saxofonistaren doinuekin lagunduta.
Urriaren 29an Mirande musika egitasmoa eskainiko dute, Jon Miranderen olerkietatik abiatuta. Elena Setien, Xabier Erkizia eta Grande Days taldea arituko dira, hau da, musika esperimentala ingelesez kantatu ohi duen abeslaria, soinu artista eta ekoizlea eta indie-rock taldea. Uztarketa honen emaitza 'Frankenstein' hitzarekin izendatu dute.
Azaroaren 11n zientzia fikziozko bertso-saioa egingo dute, Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria bertsotan, eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo gidoilari lanetan direla.
Azkenik, abenduaren 17an, Anariren Habiak diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa irekiko dute eta musikariak disko horretako zenbait kantu joko ditu.
Ekitaldi guztiak 19:30ean egingo dituzte Bilboko San Inazio auzoko Agoitz plazan kokatutako Euskararen Etxean eta doakoak izango dira. Gonbidapenak emanaldiak baino hamar egun lehenago eskuratu ahal izango dira 94 402 80 81 telefono zenbakira deituta edo Euskararen Etxean bertan.
Kultur ekitaldien sorkuntzarako laguntza
Hi(ZKI)bridoak laguntza ere jarri dute martxan lehen aldiz. Euskarazko kultur emanaldi berriak sortzen laguntzea eta ezagutaraztea, eta diziplina eta adierazpide desberdinetako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea du helburu laguntza honek.
Euskara hutsezko kultur emanaldi berri baten gidoia eta emanaldia sortzea eta garatzea izango da egin beharrekoa, eta lehen emanaldia datorren urteko zikloaren barruan eskaini beharko da. Formatu txikian egiteko modukoa izan beharko da eta hautatutako lanak 3.000 euroko ordainsaria jasoko du.
Azaroaren 22an amaituko da lanak aurkezteko epea eta abenduaren 20an jakinaraziko dute epaimahaikoaren erabakia. Eneko Sagardoy aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte-kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak osatuko dute epaimahaia.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.